Gertatutakoa argitzea. Ez du bertzerik eskatzen Ander S.T. 29 urteko gizonezkoaren familiak. Joan den astelehenean Udaltzaingoarekin liskarra izan zuen Santurtzin (Bizkaia), eta bi egun geroago hil zen; Gurutzetako ospitaleko agiriaren arabera, bero kolpeak jota. Poliziek taser pistola batekin egin zioten eraso, «erasotzailea mendean hartu» nahi zutela argudiatuta, eta orain hildakoaren gurasoek auzitara jotzeko asmoa dutela erran dute, kasua judizialki azter dezaten.
Hilketa salatzeko manifestazioa egin zuten larunbatean Santurtzin, eta gaztearen lagunek salatu zuten «ia bi orduz» izan zuela Poliziak atxikirik, eskuburdinak jarrita, harik eta anbulantzia ailegatu zen arte. Kontatu zutenez, tarte horretan konbultsioak izan zituen, eta berrogei gradutik goitiko tenperatura zegoen kalean. Edonola ere, gaztearen ingurukoek salatu dute ez dituztela gertatutakoaren xehetasun guztiak, eta horregatik dutela, hain zuzen ere, auzitara jotzeko asmoa.
«Niri zerbaitek pizten dit arreta», erran du gaur gaztearen aitak, Naiz hedabideak bildu duenez. Alegia, familiaren testigantza eta Poliziarena ez datozela bat, haren aburuz. «Guk taser pistolari buruz ez genekien ezer ostiralera arte, hedabideetan agertu zen arte», gehitu du.
Dei bidez eman zion Poliziak abisua gaztearen aitari, eta erran zion semeak «liskar bat» izan zuela udaltzainekin, eta atxilotuta eramanen zutela. Bi ordu geroago, Gurutzetako ospitaletik hots egin zioten, eta hara joan zedin eskatu. «Medikuak esan zidan lurrean topatu zutela, eta ez zekitela zenbat denbora eman zuen han, egoera horretan».
Defendatzeko tresna
Udaltzaingoaren testigantzaren arabera, gazteak Poliziaren bulegoetan txirrina jo zuen, eta lasterka atera zen handik. Bidean, bastoia kendu zion agure bati, eta bi udaltzain haren gibeletik abiatu ziren. Agurea lurrera erori zen, eta, azkenean, hiru udaltzainen artean geldiarazi zuten gaztea, taser pistolekin. Aitak ez du ulertzen zergatik atera ziren hainbertze polizia gaztearen gibeletik, Naiz hedabideak jaso duenez: «Zer egin zuen hain larria, atzetik bi polizia ateratzeko? Uste dut bastoia hartzea defendatzeko modu bat izan zela, ez besterik», azaldu du aitak.Â
Gertakariak azter daitezela eskatzeaz gain, gaztearen familiak salatu du «denbora asko» eman zuela semeak lurrean, eta Poliziaren erabaki horrek eragin zuela, hain justu, Ander S.T. koman zela sartzea ospitalera, «eta handik ez ateratzea».