Asteazkenean hil zen Ander S.T. 29 urteko gaztea, Santurtzin (Bizkaia), bi egun lehenago Udaltzaingoak taser pistola batekin eraso egin eta koman utzi ostean. Jazoera hori salatzeko eta udaltzainei eta Santurtziko Udalari beren erantzukizuna aitortu dezatela eskatzeko egin dute elkarretaratzea, gaur eguerdian. Justizia Anderrentzat eta Bortizkeria polizialik ez! lelopean egin dute manifestazioa, Santurtzin, Ezkerraldeko Mugimendu Sozialistak eta eskualdeko beste zenbait kolektibo antifaxistek deituta.
«Astelehenean Santurtziko lau udaltzainek gazte bat hil zuten taserra eta borrak erabilita. Uste dugu erantzukizuna zuzena eta argia dela; hortaz, neurriak hartu eta udaltzain horiek zigortu ditzatela eskatzen diogu udalari», adierazi du Lydia Sanchez Mugimendu Sozialistako kideak. Gaineratu duenez, Santurtziko Udalak «hasieratik» babestu du Polizia. Gertatutakoa «komunikabideen laguntzarekin ezkutatzen» saiatu direla ere salatu du.
Ikusi gehiago
Ehunka manifestari bildu dira hildako gaztearen senitartekoei eta lagunei elkartasuna adierazteko. Izan ere, manifestazioaren lehen lerroan egon dira gaztearen lagunak. Horietako batek, Asierrek, azaldu duenez, gazteak «nahasmendu psikologikoak» zituen. Udaltzainen «beldur» zelarik egin zuen ihes, eta gizon heldu bati bastoia kendu zion «bere burua defendatu nahian». Horiek horrela Polizia «bortizki jazarri» zitzaiola azpimarratu du Asierrek: «Taser pistolekin egin zioten tiro, eta borrekin kolpatu zuten. Ia bi ordu luze izan zuten atxikirik, anbulantzia heldu zen arte. Tarte horretan Anderrek konbultsioak izan zituen». Hala ere, argi utzi du ez dituztela gertatutakoaren xehetasun guztiak.
Gertatutakoaren berri emateko egin zuen atzo agerraldia Imanol Urrutxua Santurtziko Segurtasun zinegotziak. Hark baieztatu zuen poliziek taser pistolak erabili zituztela, eta jarduteko era hori babestu zuen: «Ez dago inolako zantzurik pentsarazten digunik agenteek gaizki jokatu zutela». Jakinarazi zuenez, barne ikerketa bat abiatu dute zer gertatu zen argitzeko. Ikerketa hori amaitu arte «gertatutakoa aurrez epai dezakeen adierazpenik» ez zuela egingo esan zuen, «bai familiarekiko bai operazioan parte hartu zuten udaltzainekiko errespetuagatik». Hala ere, Urrutxuak nabarmendu zuen gazteak «oldarkor jokatu» zuela.
Hainbat kasu
Manifestazioan ez da liskarrik egon. Momenturik tirabiratsuena manifestariak Udaltzaingotik metro batzuetara geratu eta haien aurkako aldarriak egin dituztenean izan da. Txistuak eta «Polizia hiltzailea» gisakoak entzun dira orduan. Zenbait polizia auto zeuden metro gutxitara, baina ez da istilurik egon.
Manifestazioaren amaieran, eta hildakoaren omenez isiltasun minutu bat egin ostean, Mugimendu Sozialistako kideek mezu bat irakurri dute, eta gogorarazi Anderrena ez dela «kasu bakan bat» izan. Flotillako kideek Loiun pairatutakoa, Iker Aranarena edota barrabil bat ia galdu zuen Sestaoko gaztearen kasuak aipatu dituzte adibide gisa.
Indarkeria hori Ezkerraldean «bereziki gordina» dela nabarmendu dute. Batez ere Barakaldon (Bizkaia), non udaltzainek eta ertzainek «tiroz konpontzen dituzten gauzak». Gauzak horrela, «argi ibiltzeko» mezua zabaldu dute, «Poliziak jarrera faxista bat» hartu duela ohartaraziz: «Leporaino armaturik daude».
«Azken aldian Poliziak pertsonen eskubideak zapaltzen ditu segurtasunaren aitzakia erabilita»
LYDIA SANCHEZ Ezkerraldeko Mugimendu Sozialistako kidea
Sanchezek ere hari horri heldu dio. Ezkerraldeko Mugimendu Sozialistako kideak esan duenez, «segurtasunaren izenean» polizia indarkeriak gora egin du: «Argi ikus daiteke nola azkenaldian Poliziak pertsonen eskubideak zapaltzen dituen segurtasunaren aitzakia erabilita». Horiek horrela, Anderren aurka egin zuten udaltzainak zigortzeko eta neurriak hartzeko eskatu die erakunde publikoei, «etorkizunean inork horrelakorik bizi ez dezan».
Udalaren etan zenbait komunikabideren jarrera salatzeaz gain, Vox Bizkaiak izandako rola arbuiatu dute. Salatu dutenez, eskuin muturrak «mezu arrazistak» zabaldu zituen gaztearen hilketa aitzakiatzat hartuta.