Gorrotatua edo maitatua, gutxietsia edo goretsia, Miguel Sanzek inor gutxi uzten du hotz. Lau legealditan jarraian Nafarroako lehendakari izan ostean, legealdi honetako Parlamentuko azken osoko bilkura agurtzeko baliatu zuen atzo Miguel Sanzek. «Frantses esaera batek dio agurtzea apur bat hiltzea dela, baina ziurrenik parlamentari akta dudala nire azken osoko bilkura honetan agurtu gabe joatea kortesia falta litzateke nire aldetik». Bere azken hitzaldian, Sanzek saihestu egin du 16 urteotan berezko izan duen abertzaleen aurkako mezu politikoa, eta nostalgia kutsu batetik, politikari ororen lanaren zilegitasuna goraipatu du.
«Poztasunak eta dezepzioak izan dira urte hauetan, konpromisoak eta tristeziak, asmatu egin dugu kasu batzuetan eta bestetan huts egin, porrotak eta konponbideak egon dira, baina ororen gainetik, esker oneko hitzak aurkituko dituzue nire agur honetan. Nire ulermena egiten duzuen lanarekiko eta konpromisoa eta leialtasuna Nafarroarekiko eta bertako herritarrekiko».
Sanzek esan du garaiotan gizartean jarduera politikoaren aurkako «kontrako giro bat» badela, eta ideia hori elikatu duten salbuespen batzuk izan arren politikarien lana nabarmendu nahi izan du. Bizkar gainean 24 urteko esperientzia duela, azpimarratu du zein garrantzitsua den parlamentarientzat «modu egokian kudeatzea ideologia, emozioak, hitz egiteko eta negoziatzeko ahalmena eta egiten denaren eta esaten denaren arteko koherentzia».
«Estrategiarik onena egia esatea dela diote, eta nire egia sentitzen dudana esatea da: eskerrik asko denoi, lagundu didazuelako, batzuetan ezados egonda eta bestetan ados egonda». Alderdi oro aipatuta, eskerrak eman zizkien parlamentari denei, eta txalo zaparrada batekin agurtu zuten Sanz. Ez zen agur esaten bakarra, ordea. Besteak beste, Juan Cruz Allik eta Jon Errok ere utziko dute politikagintza.
Sanzen agurra
Miguel Sanzek 24 urte egin ditu parlamentari gisa eta 16 gobernuko lehendakari gisa. Amaitzear den legealdi honetako azken osoko bilkura UPNko eta beste alderdietako parlamentariei agur esateko baliatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu