Saratxaga: «Erabakietan parte hartu eta aktore izan behar du gizarteak»

«Herri burujabea» izateko herritarrei hitza eman behar zaiela uste du enpresariak.Autogobernu lantaldean izan dira hura eta Javier Maroto

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2014ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Ia hitzik gabe utzi ditu Koldo Saratxaga enpresariak autogobernu batzordeko legebiltzarkideak. Izan ere, klase politikoari kargu hartu dio hitza hartu orduko, ez delako ari gauzak ongi egiten: «Ez ezazue betikoa egiten jarraitu, mesedez». Eta alderdiei esan die arazo larrienetako bat dela ez dutela «pedagogiarik» egiten eta gizarteak jada ez duela haiengan konfiantzarik. Pertsonari eta kolektiboari eman behar zaiela garrantzia, hitza emanez, «erabaki garrantzitsuetan» parte hartzeko bideak jarrita: «Erabakietan parte hartu eta aktore izan behar du gizarteak».

EH Bilduk gonbidatuta egin du agerraldia Saratxagak batzordean. Ez da agerraldi arrunta izan: zutik eman ditu azalpenak, azkar eta xehe, grafikoekin lagunduta. Irizar kooperatiban koordinatzaile nagusi hamalau urtez aritu zen, eta, hango antolaketa ereduak mundu osoan ospea lortu ondoren, duela lau urtetik Ner Group enpresa eta kooperatiben elkartean filosofia bera ezarri du. Gizartea bera «erdigunean» jartzea da eredu horren arrakastaren gakoa, eta irizpide bera egunerokora eramatearen alde egin du, «sarean lan eginez», pertsona erabakien «eragile» izaten.

Erreferendumak gehiago erabili behar dira. Horixe da Saratxagak maiz errepikatu duen ideia. Ez du ulertzen erreferendumen inguruan «beldur» mezuak zabaltzea. Izan ere, uste du erabaki garrantzitsu guztietan botoa eman beharko lukeela gizarteak, hori delako bidea alor guztietan «burujabetza» lortzeko: «Hezkuntzan, elikaduran, osasunean etaekonomian burujabetza lortuta, herri burujabea lortuko dugu».Burujabetasuna lortzeko «gertutasunetik» hastea ezinbestekotzat jo du enpresariak, «elkarri laguntzea» eta «helburu komun» baten alde lan egitea.

Saratxagaren aurretik, Javier Maroto Gasteizko alkateak (PP) parte hartu du batzordean. Hark adierazi du Euskal Herri independente bat Europatik kanpo geratuko litzatekeela eta Euskal Herri independenteak «betoak» jasoko lituzkeela beste herrialde batzuen aldetik Europako Batasuneko kide izateko, «ez soilik Espainiaren aldetik». Gainera, estatu gisa onartuz gero, Euskal Herria Zipre edo Eslovenia estatuen antzekoa bilakatuko litzatekeela adierazi du: «Ez liokete ezta entzungo ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.