Sare publikoan ere ikasgelak «blindatu» ditzala eskatu dio ELAk Nafarroako Gobernuari

Hezkuntza sistema «unibertsal, publiko eta euskaldun» baten alde dagoela berretsi du sindikatuak: «Publifikazio prozesu baten bitartez, baina itunpeko sareko lanpostuak bermatuta betiere».

Hezkuntza publikoaren aldeko protesta bat Iruñean, Hezkuntza Departamentuaren egoitzaren aurrean. Artxiboko irudi bat da. IÑIGO URIZ / FOKU
Hezkuntza publikoaren aldeko protesta bat Iruñean, Hezkuntza Departamentuaren egoitzaren aurrean. Artxiboko irudi bat da. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2026ko maiatzaren 27a
12:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Itunpeko ikastetxeetako hamalau ikasgela ixteko agindua urtebetez geroratzea adostu zuen Nafarroako Parlamentuaren gehiengoak iragan astean, UPNk aurkeztutako lege proposamen bati bide emanez —haren alde bozkatu zuten PPk, Voxek eta erregionalistek, eta abstentziora jo zuten EH Bilduk eta Geroa Baik—. Arau horrek, baina, ez die aipamenik egiten sare publikoko ikastetxeei, eta zenbait eragilek salatu dute balitekeela hor arrakala bat egotea, gobernuak ikasgela publikoak gutxitu ditzan, batez ere, landa eremuko eskola txikietan eta D eredukoetan. Hori dela eta, ELA sindikatuak Hezkuntza Departamentuari eskatu dio sare publikoko ikasgelak ere «blindatu» ditzala, itunpekoekin eginen duen bezala.

Gobernuaren noraeza kritikatu du ELAk, ohar batean: «Hasieran, Hezkuntza kontseilariak iragarri zuen datorren ikasturtean hemeretzi unitate itxiko zituela sare publikoan; ondoren, esan zuen batzuk itxiko zituela, baina beste ikastetxe batzuetan irekiko zituela, eta, beraz, balantze orokorra ez zela negatiboa izango. Eta orain, legea onartu ondoren, adierazi du azkenean ez duela ikasgela publikorik itxiko». Izan ere, ELAren iritziz, PSNk «hauteskunde arma gisa» erabili nahi izan du ikasgelen inguruko gatazka, «bere burua eskola publikoaren defendatzaile bakar gisa aurkeztuta».

Horregatik, Nafarroako administrazioari eskatu diote albo batera utz ditzala «irizpide ekonomizistak», eta «finantzaketa nahikoa» berma dezala landa eskolei irekita eusteko: «Landaguneetan hezkuntza publikoa defendatzea gure herrietan duintasunez bizitzeko eta lan egiteko eskubidea defendatzea ere badelako». Herrietan eskola publikoak aukera berdintasuna, gizarte kohesioa eta lurraldearekiko atxikimendua bermatzen dituela uste du ELAk, eta funtsezkotzat jo du zerbitzu publiko hori bizirik iraunaraztea.

Sindikatuak kritika egin die UPNren legea onartu zuten taldeei ere, onartutako legeak ez duelako bermatzen ikasgela publikorik ez ixtea: «Onartutako legeak ez ditu ikasgela publikoak blindatzen, eta, itunpeko ikasgelak beste ikasturte batez mantenduko badituzte ere, akordioaren bidez patronala ez dute behartu langileei beste postu bat bermatzera».

Gimenoren dimisioa

Hezkuntza Departamentuaren eta, zehazki, Carlos Gimeno kontseilariaren kudeaketa kritikatu du ELAk. «Nafarroako hezkuntza sistemak okerrera egin izana eta gutxiengo sindikalarekin itun bat sinatzea; horixe da, gaur-gaurkoz, departamentuaren ondare nagusia». Gainera, ELAk gogora ekarri du kontseilariak euskararen normalizazioaren aurkako jarrera argia duela eta eskuin muturrak 2018. urtean euskararen aurka antolatutako manifestazioan parte hartu zuela: «Horregatik guztiagatik, uste dugu kontseilariak dimisioa eman beharko lukeela, edo kargutik kendu beharko luketela».

Sindikatu abertzaleak uste du «beharrezkoa» dela Gimeno Hezkuntza Departamentutik ateraraztea, baina ahaztu gabe «azpifinantzaketa» dela hezkuntza sistemaren arazo nagusia: «Eurostaten arabera, hezkuntza BPGaren %3,2 da Nafarroan, eta Europako Batasunean, berriz, %4,7. Ehuneko hori oso urrun dago gobernu itun programatikoan jasotakotik, hau da, %5etik. Errealitate horrek, zerbitzuaren kalitatea okertzeaz gain, hezkuntzan lan egiten dutenen lan gainkarga dakar, behin-behinekotasuna ia %50ekoa baita sektore horretan».

Horregatik guztiagatik, «hezkuntza sistema publiko, unibertsal eta euskaldun» baten aldeko apustua berretsi du ELAk: «Publifikazio prozesu baten bitartez, baina itunpeko sarearen lanpostuak bermatuta betiere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA