Sarek eta Etxerat-ek hondartzetako mobilizazioetara deitu dute abuztuaren 3rako

«Behin betiko txanpa etxera» lelopean egingo da, Gipuzkoa eta Bizkaiko 11 hondartzatan.

Hondartzetako martxetara deitu dute Sarek eta Etxerat-ek, gaur, Donostian egindako agerraldian. JON URBE / FOKU
Hondartzetako martxetara deitu dute Sarek eta Etxerat-ek, gaur, Donostian egindako agerraldian. JON URBE / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2025eko uztailaren 16a
14:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Bakearen eta bizikidetzaren alde urratsak egitera deitzeko asmoz, Sarek eta Etxerat-ek mobilizazioak egingo dituzte abuztuaren 3an Bizkaiko zortzi hondartzatan eta Gipuzkoako hirutan. Behin betiko txanpa etxera lelopean egingo dituzte, euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea eskatzeko.

Guztiak 12:00etan hasiko dira. Bizkaian, Bakion, Ean, Lagan, Laidan, Lekeition, Mundakan, Muskiz-Zierbenan eta Ondarroan egingo dituzte. Gipuzkoan, Deban, Donostian eta Orion.

Datorren urtean hamabost urte beteko dira ETAk jarduera armatua etengo zuela iragarri zuenetik. «Munduko beste gatazketan gertatu ez bezala, Euskal Herrian izugarrizko sufrimendua eragin duen gatazkaren ondorioak bizitzen ari gara», adierazi dute, gaur Donostian egin duten agerraldian. Beharrezkotzat jo dute «iragana gainditu eta etorkizunera begira jartzea», bakea, konponbidea eta bizikidetzaren ildoan urratsak egite aldera.

Sarek eta Etxerat-ek berretsi egin dituzte bide horretan hartutako konpromisoak. Eta urratsak egite aldera, «behin betiko txanpa egitera» deitu dute, euskal preso, iheslari eta deportatuak etxeratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.