SATSE sindikatuak salatu du Osakidetzako emaginek «konponbiderik gabe» segitzen dutela

Baldintzak hobetzeko eskatu dio osasun zerbitzuari. Lan arazoak salatu dituzten batzuek nagusien mehatxuak jaso dituzte, sindikatuaren esanetan.

SATSE sindikatuaren agerraldia Gurutzetako ospitalearen aitzinean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
SATSE sindikatuaren agerraldia Gurutzetako ospitalearen aitzinean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Xalbat Alzugaray
2025eko maiatzaren 5a
13:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Emaginen Nazioarteko Egunaren karietara, SATSE Euskadiko Erizainen Sindikatuak salatu du Osakidetzako emaginei oraindik ez dietela konponbiderik eman, iazko uztailetik egin dituzten protestak gorabehera. Izan ere, sindikatuaren erranetan, emaginek hilabeteak daramatzate profesional eskasiari eta lan karga handiari aurre egiten. 

Hori bakarrik ez; egiturazko langile falta «larria» deitoratzen dute. Horrek emakumeen sexu osasunean eragin zuzena duela nabarmendu du sindikatuak, eta salatu du, errate baterako, joan den Aste Santuan ESI gehienetan profesionalek haien lanaldia luzatu behar izan zutela. Ondorioz langileek lan zama gehiegi dutela adierazi du sindikatuak, eta ohartarazi du zerbitzuak murrizteko arriskua dagoela, baita itxaron zerrendak luzatzekoa ere. 

Horrez gain, SATSEren erranetan, emagin batzuek mehatxuak jaso dituzte haien nagusiengandik, lan arazoak publiko egiteagatik. Sindikatuak arazoari aurre egiteko neurriak hartuko dituela erran du. 

Konponbide eske

Emaginen lan eremuko arazoak hobetzeko, Osakidetzak egoera onartu eta lan baldintza egokiak bermatu behar ditu, SATSEren arabera. Egiturazko neurriak har ditzan eskatu du sindikatuak; bertzeak bertze, Osakidetzak bertze profesionalei aplikatzen dizkien salbuespenezko konpentsazio neurriak emaginei ere aplikatzea. 

Neurri egokiak hartzeaz aparte, emaginen lana balioestea da sindikatuaren eskaeretarik bat. Haurdunalditik eta erditzetik haratago doan lanbidea baita emagin izatea: «Emakumeen osasunerako funtsezkoak diren beste arlo asko ere haien ardura dira; adibidez, nerabeen sexu hezkuntza, kontrazepzioa, minbiziaren prebentzioa eta menopausia garaiko arreta, bertzeak bertze». 

Oro har, SATSEk nahi du Osakidetzak eskaerei erantzutea eta horiei «behingoz» konponbideak ematea, emaginen lan baldintzak hobetzeko eta emaginek zaintzen dituzten emakumeen ongizatea eta osasuna bermatu ahal izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.