SATSE erizainen sindikatuak salatu du Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua aldebiko bilerak egiten ari dela Euskadiko Medikuen Sindikatuarekin, Osakidetzako Mahai Sektoriala baztertuta. Sindikatuaren ustez, negoziazio kolektiboaren foro ofiziala albo batera uzteak langileen ordezkaritza urratzen du, eta lan gatazka gogortzeko arriskua dakar. Hori dela eta, mobilizazioak iragarri ditu, eta ez du baztertu udazkenean grebara deitzea.
Erizaintzako sindikatuak ohar bidez azaldu duenez, Osakidetzako Zuzendaritzarekin batera, Osasun Saila astero biltzen ari da sendagileen sindikatuarekin, gainerako sindikatuak negoziaziotik kanpo utzita. SATSEren iritziz, Mahai Sektoriala da lan baldintzei eta plantilla osoari eragiten dieten gaiei buruzko akordioak negoziatzeko legez aitortutako organo bakarra. Sindikatuak uste du jarduteko modu horrek kolektibo profesional bakar bati mesede egiten diola, Osakidetzako gainerako langileen kaltetan. Horregatik, Martinezi egotzi dio medikuen ordezkariekin «harreman pribilegiatua» izatea, erizainen, fisioterapeuten eta gainerako osasun profesionalen aldarrikapenak bigarren mailan utzita.
Osasun Itunaren aurka
SATSEk gogorarazi du Mahai Sektorialak ia urtebete daramala plantilla osoari eragiten dioten gai nagusiak jorratu gabe. Besteak beste, ordainsarien inguruko negoziazioa blokeatuta dago, Osasun Sailak berak adostutako negoziazio egutegia bete ez duelako, sindikatuaren arabera. Era berean, kritikatu du Osasun Sailaren jokabideak kontraesanean jartzen duela Osasun Itunak defendatzen duen eredua. Haren esanetan, itunak diziplina anitzeko taldeetan eta osasun arloko profesional guztien arteko lankidetzan oinarritutako sistema bat proposatzen du, baina negoziazioak kolektibo bakar batera mugatzeak «paper erre» bihurtzen du ikuspegi hori.
SATSEk salatu egin du, halaber, Osasun Sailak jendaurrean plazaratu izana Medikuen Sindikatuari egindako eskaintza ekonomikoak, Mahai Sektorialean eztabaidatu aurretik. Bide horretan, esan du medikuen salaketa nagusiak —asistentzia gainkarga, guardiak, aparteko lanaldiak, eta lana eta familia uztartzeko zailtasunak, besteak beste— ez direla haien kolektiboaren arazo esklusiboak, baizik eta Osakidetzako profesional askoren errealitatea.