Osakidetzan emagin bat dago 2.500 emakumeko. Gutxiegi, SATSE Euskadiko Erizainen Sindikatuak salatu duenez. Egoera kezkagarria dela adierazi du sindikatuak, eta emagin faltak emakumeen osasuna arriskuan jartzen duela. «Kopuru horrek arriskuan jartzen du artaren kalitatea», ohartarazi du Amaia Mayor SATSEko idazkari nagusiak. Emaginen Nazioarteko Eguna da bihar. SATSEk lelo bat aukeratu du nazioarteko egun horretarako: Emagin gehiago, etorkizun hobea.Â
Emaginen lana haurdunaldiekin eta erditzeekin lotu izan da, baina SATSEk gogorarazi du haien lanak emakumeen bizitza osoa aintzat hartzen duela, eta, beraz, emagin faltak bizitza osoan duela eragina. «Emaginek funtsezko zeregina dute osasun hezkuntzan, prebentzioan, sexu eta ugalketa osasunean, nerabezaroko laguntzan, amatasunean eta klimaterioan. Haien lana erditzeko arretara mugatzea haien balio osoa ikusezin bihurtzea da», Mayorren iritziz.
Eragina langileengan
Emaginek emakumeen bizitzaren garai guztietan lan egiten baldin badute ere, emagin faltak mugatu egiten ditu haien lana eta emakumeei emandako arreta, SATSEren arabera. Ondorioz, premiazko arretari ematen diote lehentasuna, eta ez dira iristen egin beharreko lan guztietara: «Emagin gutxiago izateak esan nahi du denbora gutxiago dagoela emakume bakoitzarentzat, jarraipen txikiagoa, patologien prebentzio lan gutxiago eta laguntza gutxiago haurdunaldian, erdiondoan, edoskitzean eta halako aldi garrantzitsuetan». Mayorrek gehitu du horrek eragin zuzena duela osasun sistemaren kalitatean eta arretaren segurtasunean.
«Emagin gutxiago izateak esan nahi du denbora gutxiago dagoela emakume bakoitzarentzat, jarraipen txikiagoa, patologien prebentzio lan gutxiago eta laguntza gutxiago»
AMAIA MAYORÂ SATSEko idazkari nagusia
Emaginen faltak eragina du emakumeek jasotzen duten artan, baina baita emaginen lanean ere. SATSEk zehaztu du atsedenaldiak mugatu behar izaten dituztela, kontziliazioa zailagoa dela eta etengabeko gainkarga onartu behar izaten dutela. Egoera hori okerragoa da udan eta Gabonetan. «Emagin askok ziurgabetasunez eta antsietatez aurre egiten diete garai horiei, ez baitute estaldurarik eta plangintzarik, eta horrek are larriagoa egiten du jada tentsioan dagoen kolektibo baten higadura fisikoa eta emozionala», ohartarazi du Mayorrek. Gainkargak, behin-behinekotasunak eta errekonozimendu profesionalik ezak estresa, antsietatea, frustrazioa eta akidura eragiten die emaginei, SATSEko idazkari nagusiak gehitu duenez.
Osasun publikoa
Emagin gehiago jar ditzala eskatu dio sindikatuak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari, «arreta osoa eta lan baldintza duinak bermatzeko», eta emaginak sar ditzala betetzeko zailak diren lanpostuen eskaintza publikoetan ere, taldea indartzeko eta lanpostuen egonkortasuna ziurtatzeko. Hala egitea osasun publikoan inbertitzea dela esan dio Eusko Jaurlaritzari.
«Profesional nahikorik ez dagoenean, arreta indibiduala ahultzeaz gain, arriskuan jartzen da sistemak biztanleriaren erdiaren beharrei erantzun egokia emateko duen gaitasuna», gaineratu du Mayorrek.