Seaskaren baliabideak berrikusteko eskatu diote Frantziako Hezkuntza ministroari Ipar Euskal Herriko parlamentariek

Elisabeth Borne ministroari idatzitako gutunean salatu dute arriskuan jartzen duela euskarazko murgiltze ereduaren funtzionamendu egokia. «Politika boluntarista» izateko eskatu diote Parisi.

Ipar Euskal Herriko parlamentariak eta EEPko ordezkariak, Baionako suprefeturan, apiril bukaeran. BERRIA
Ipar Euskal Herriko parlamentariak eta EEPko ordezkariak, Baionako suprefeturan, apiril bukaeran. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2025eko maiatzaren 22a
10:27
Entzun 00:00:0000:00:00

Ipar Euskal Herriko sei parlamentariek Elisabeth Borne Frantziako Hezkuntza ministroari dei egin diote, heldu den ikasturterako Seaskari emandako baliabideak berrikusi ditzala eskatzeko. «Kezka handia» agertu dute, ikastoletarako aurreikusi dituzten postuak «aise gutxiegi» direlako ikasle kopuruaren arabera. Ikastolen elkarteak protesta eginen du bihar Baionan, «irakasle postuak eta mespretxu gutxiago» eskatzeko.

Hiru diputatuek eta hiru senatariek izenpetu dute gutuna, hau da, Peio Dufau, Colette Capdevielle eta Iñaki Etxaniz diputatuek, eta Max Brisson, Frederique Espagnac eta Denise St Pee senatariek. 

«Harridura» erakutsi dute, ministroaren kabinetearekin apirilean izan zituzten «elkarrizketa eraikitzaileen kontrakoa» delako Seaskak Paristik jaso duen erantzuna. «Ulertzen ditugu erantzun horrek ikasleen, haien familien eta irakasleen artean sortzen duen larritasuna eta kezka. Euskarazko murgiltze sarearen ikasketa baldintzak eta funtzionamendu egokia zuzenean arriskuan ezartzen ditu», adierazi dute.

Seaskarekin bat eginez, sei parlamentariek adierazi dute «bereziki kezkagarria» dela kolegioetako egoera, ikasgela batean baino gehiagotan «gehiegizko kopuruak» izanen dituztelako. Halaber, 33 ikastolatan baliabide gehiago ez eman izana ere deitoratu dute. «Funtsezko postu horiek gabe, ez dira beteko kalitatezko irakaskuntzaren gutxieneko baldintzak, ez ikasleentzat eta ez irakasleentzat».

Seaska, «funtsezko partaide»

Parlamentariek azpimarratu dute Seaska «funtsezko partaidea» dela euskararen aldeko hizkuntza politikan: 4.300 ikasle ditu 39 ikastetxetan, hau da, Ipar Euskal Herriko ikasleen %9. «1994an François Bayrou orduko Hezkuntza ministroarekin [Frantziako Lehen ministroa da gaur egun] elkarte kontratua izenpetu zuenetik, hezkuntza zerbitzu publikoan osoki parte hartzen du», adierazi dute.

Euskararen «egoera berezia» kontuan har dezala eskatu diote Frantziako Hezkuntza ministroari, eta galdetu heldu den ikasturterako aurreikusitako lanpostuak berrikusteko eta berriak sortzeko «politika boluntarista» izan dezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.