Segiren aurkako sarekada batean atxilotutako 30 bat lagunek beren tortura kasuak ikertzeko eskatuko dute

Larunbatean agerraldi bat egingo dute Donostian, Giza Eskubideen Behatokiarekin batera. 2009an atxilotu zituzten, eta guztiek salatu zituzten torturak.

Segiko kideak atxilotu zituzteneko irudi bat, 2009ko azaroaren 24koa. JUAN HERRERO / EFE
Segiko kideak atxilotu zituzteneko irudi bat, 2009ko azaroaren 24koa. JUAN HERRERO / EFE
nerea intxausti
2026ko irailaren 30a
08:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak 30 bat pertsona elkartuko ditu larunbatean Donostian, eta modu kolektiboan abiatuko dute beren kontrako torturak ikertzeko ekimen judizial propio bat. Denek garai berean pairatu zituzten torturak, 2009. urtearen amaieran: Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak 30 bat pertsona atxilotu zituzten Segi gazte antolakundeko kide izateagatik, eta atxilotu guztiek salatu zuten torturatu egin zituztela. Hala, aurreratu dute «zigorgabetasunaren aurkako ekimen judizial kolektibo bat» aurkeztuko dutela larunbatean.

Tortura delituen ikerketa falta eta horren inguruan egon den «egiturazko zigorgabetasuna» salatu nahi dituzte larunbatean, eta Iratxe Urizar GEBehatokiko abokatuak, Aiert Larrarte abokatuak eta salatzaileen ordezkariek parte hartuko dute prentsaurrekoan. Izan ere, GEBehatokiak ohar batean adierazi duenez, «kasu paradigmatikoa» jorratuko dute: «Espainiako Auzitegi Nazionalak 2014ko maiatzean eman zuen absoluzio epaiak berak azpimarratzen du Fernando Grande-Marlaska instrukzio epaileak ez zuela inolako ikerketarik abiatu tortura salaketak gorabehera». Epaiketa horretako akusatu guztiak absolbitu zituen epaimahaiak, eta ebazpenean bertan Ramon Saez Valcarcel epaileak agerian utzi zituen Grande-Marlaska egungo Espainiako Barne ministroak instrukzioan bete ez zituen eginbeharrak. 

Jazotakoa Espainiako justiziak izandako jarreraren adierazle dela uste du GEBehatokiak. Iritzi dio botere judiziala dela, «zalantzarik gabe», biktimen inguruko nazioarteko araudiak bete gabe jarraitzen duen azken katebegia; gogoratu dute egia, erreparazioa, justizia eta berriz ez gertatzeko bermea nazioarteko eskakizunak direla. Kontrara, salatu dute «salbuespenezko jurisdikzio penala» aplikatu izan dutela auzipetuak torturen bidez zigortzeko, batetik, eta torturatzaileak erabat zigorgabe uzteko, bestetik.

GEBehatokikoek adierazi dute hamarkadak behar izan direla «negazionismoa» gainditzeko eta «tortura salaketen egia adosteko», eta bide horretan segi nahi dutela. Bukatzeko, balioa eman diote hamazazpi urte geroago salatzaileek «egia judiziala exijitzeko» izan duten «adoreari, erresilientziari eta ausardiari». Erantsi dute GEBehatokiak konpromisoa duela torturaren biktimei egia eta erreparazioa lortzen laguntzeko, baina baita «orain arte ukatutako justizia» lortzeko ere. 

Segiren kasua

2009ko polizia operazioaren osteko inkomunikazio aldian jazotakoak salatzeko egin nahi dute agerraldia. Azaroaren 24an, polizia operazio handi bat egin zuten Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak Hego Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan; 650 poliziak baino gehiagok parte hartu zuten. Sarekadan, etxebizitzak, gaztetxeak, tabernak, auzo elkarteak eta peñak arakatu zituzten. Egun hartan 34 gazte atxilotu zituzten, eta beste zazpi atxilotzen saiatu zen Polizia, baina ez zuen lortu, ez zituelako etxean topatu. Gazte horietako batzuek ihes egin zuten, eta hilabete batzuen buruan atxilo hartu zituzten Ziburun (Lapurdi), haien aurkako euroagindua eskatu baitzuen Espainiako Auzitegi Nazionalak. Sarekada izan zen egunean etxean topatu ez zituzten beste zenbait gazte, berriz, beren kabuz agertu ziren egun gutxira Auzitegi Nazionalean, epailearen aurrean deklaratzeko asmoz. Hala ere, Poliziak auzitegiko atarian atxilotu zituen.

Polizia operazio baten bueltan jende gehien bildu duen ekimen judiziala izan zen Euskal Herriko historian. Guztiei leporatu zieten Segi gazte erakundeko kide izatea. Auzitegi Nazionalak legez kanpokotzat jo zuen Segi 2005ean, Jarrai eta Haikarekin egin bezala. Gero, helegiteak tarteko, Gorenak «erakunde terrorista» izendatu zituen 2007an.

Hain zuzen, Segi ezker abertzaleko gazte erakunde bat izan zen, Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoa aldarrikatzen zituena. Jarrai eta Gazteriak erakundeak elkartuta Haika sortu zen, eta Haikaren oinordekoa izan zen Segi. Lehen aurkezpen publikoa Iruñean egin zuten, 2001eko ekainaren 16an, eta 2012an desegin zen.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA