Migratzaileen seme-alabak eskola batzuetan pilatzen direla, arazo hori zeresana jartzen ari da hezkuntzaren arloan. Euskadiko Eskola Kontseiluak bi urtean behin egiten duen txostenak berretsi du desoreka handia dagoela sare batetik bestera: migratzaileen hiru seme-alabatik bi sare publikoan daude. Ñabardura handi bat erakusten dute datuek, hala ere: sareen artean soilik ez, sareen barruan ere badago desoreka. Publikoan, adibidez, eskolen erdietan baino gehiagotan ez dira %10era iristen migranteen seme-alabak. Ondorio bikoitza da, beraz: publikoak hartzen ditu ikasle horietako gehienak, baina, publikoaren barruan, eskola batzuek.
Euskadiko Eskola Kontseiluak bi urtean behin argitaratzen du hezkuntzaren egoerari buruzko txostena. 2015-2017ko epealdiaren inguruko azterketa egin du orain. Txosten mardula da, hainbat aldagai eta datu aztertzen dituena. Joera orokor gisara, emaitzei begiratu die presidenteak, Nelida Zaitegik: irakaskuntzan egindako inbertsioa eta emaitza akademikoak konparatuta, datu hobeak beharko liratekeela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Joan den astean aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak 2017ko ebaluazio diagnostikoa, eta emaitzetan geldialdia ageri da: duela hamar urtekoak baino eskasagoak dira. Zaitegiren esanetan, «ekitatean» egin dira urratsak, eta «bikaintasunean» falta dira.
Ekitatearekin lotuta, migranteen seme-alaben eskolatzearekin sortu da kezka. Kontseiluaren datuen arabera, handitzen ari da kopurua: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ikasleen %7 dira guraso migranteen seme-alabak, 26.600. Sarearen arabera, argia da aldea: publikoan daude hirutik bi —publikoko ikasleen %10—, eta itunpekoan bat —hango ikasleen %5—. Polemika handiena sortu den herrialdean, Araban, are handiagoa da desoreka: sare publikoan daude bostetik lau (%83).
D ereduan gehiago
Sareen arteko desorekari ez ezik, sare bakoitzaren barruko egoerari ere begiratu dio Eskola Kontseiluak, eta desoreka gehiago sumatu ditu: «Pilaketa egoerak». Sare publikoan, eskolen erdietan baino gehiagotan ez dira %10era iristen migranteen seme-alabak. Itunpekoan handiagoa da egoera horretan dauden eskolen kopurua: bostetik lau baino gehiago. Lanbide Heziketa da salbuespena; Oinarrizko Lanbide Heziketa ematen duten zentroen arrastoa nabari da datu horietan.
Hizkuntza ereduekin lotutako datuak ere aztertzekoak dira: horrek ba ote duen eraginik segregazioarekin. Joera bat nabari da: D ereduko matrikulazioa igotzen ari da migratzaileen umeen artean, eta datu orokorrekin bat dator jada Haur Hezkuntzan. Horrek ez du, ordea, sareen arteko desoreka hautsi: Haur Hezkuntzan ikasle horien %79 daude sare publikoan, eta Lehen Hezkuntzan, %74.
Hezkuntza
Segregazioa eskola publikoan ere
EAEko Eskola Kontseiluak sareen arteko desoreka erakutsi du, baina baita publiko barrukoa ere
Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu