Ez doaz lasai lanera, eta argi dago zergatik: bi hilabetean, hiru eraso pairatu dituzte Beti On EAE Euskal Autonomia Erkidegoko telelaguntza zerbitzu publikoko langileek. 140 beharginek 80.000 pertsonari baino gehiagori ematen diete arreta. Langileek salatu dute «erabateko abandonua» sentitzen dutela, Ilunion zerbitzua kudeatzen duen enpresak eta Eusko Jaurlaritzak ez dutelako neurririk hartu halakorik berriro gerta ez dadin.
«Erasoak ez dira kasu bakanak, ezta gertatzen diren lehenak ere», argi utzi du Andoni P. Espinar lantokien arteko batzordearen parte den ESK sindikatuko ordezkariak, eta zehaztu gertakarietako bi etxebizitzetan gertatu direla, eta bestea kalean. Enpresaren «oso erantzun txarra» gaitzetsi du Espinarrek, ez baitiete arretarik eskaini lankideei. «Arazoaren parte bat erasoen aurkako protokolorik ez izatea da», kritikatu du.
Hain justu, hori da langileek behin eta berriz eskatu dutena: erasoak prebenitzeko protokolo bat. LAB, ELA, ESK eta UGT sindikatuek ohar bidez kritikatu dutenez, enpresak ez die prestakuntza planik eskaintzen langileei, horrelako egoerei aurre egiten laguntzeko. Lau sindikatuek deituta, langileek protesta egin zuten joan den astean Beti Onen instalazioen aurrean. Erasoak prebenitzeko protokoloa exijitzeaz gain, salatu zuten ez enpresak eta ez Eusko Jaurlaritzak ez dietela biktimei «babesik eta segurtasunik» eskaini.
Ilunion enpresak 2023ko abuztuaz geroztik kudeatzen du zerbitzua. «Enpresak 2027ra arte sinatu du zerbitzuaren luzapena, ia 26 milioi euroan», jakinarazi du Espinarrek. Protestaren egunean bertan, langileek bilera izan zuten enpresarekin, eta protokolo bat lantzen hasteko konpromisoa hartu zuen hark. Hala ere, Espinarrek esan du «oso ezkor» daudela «haien jarrera» ikusita.
Bi berrikuntza
Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Saileko iturrien arabera, erasoak saihesteko protokolo bat dago indarrean 2015etik, eta azken bi hilabeteetan bi berrikuntza egin dizkiote. Langileren batek erasoren bat pairatzekotan, zuzenean eskainiko dizkiote aholkularitza psikologikoa eta juridikoa, eta hark erabakiko du eskaintza onartu edo ez. Orain arte, langileak eskatu behar zuen. Bestalde, «potentzialki eraso arriskua» izan dezaketen etxebizitzen mapa egin dute. «31 aurreikusi dira, eta, aurrerantzean, ez da langile bakarra joango bertara, haien segurtasuna bermatzeko», jakinarazi dute. Haien hitzetan, erasoen jarraipena egiten ari dira, harremanetan daude enpresarekin, eta protokoloa hobetzeko batzar bat egingo dute urrian «langile batzordearekin batera». Haien asmoa baita «langileen segurtasuna zaintzea ahalik eta gehien».
Espinarrek, baina, besterik esan du: «Ez dago protokolorik; lanerako jarraibide bat besterik ez». Zehaztu duenez, aurretik egondako enpresaren jarraibide bera da. «Beraz, ezer ez da hobetu». Izan ere, sindikatuek oharrean jaso dutenez, «lehendik zegoen jarraibide tekniko bat» gehitu besterik ez du egin enpresak. Hau da: «Aholkularitza juridikoa eta laguntza psikologikoa telefono bidez, kasu hauetan guztiz eskasa iruditzen zaiguna». Bestalde, langileak berretsi du bileran enpresaren eta ordezkarien arteko elkarlana adostu zutela protokoloa sortzeko, baina oraindik ez dakitela «noiz» hasiko diren, ezta «nork hartuko duen parte» ere.
«Enpresa pribatuen poltsikoak gizenduz doaz; gure lan baldintzak, berriz, okertzen ari dira, eta asistentziaren kalitatea, desagertzen»
ANDONI P. ESPINAR ESK sindikatuko ordezkaria
«Langileok babesgabetasun handia sentitzen dugu halako egoeretan, bai enpresaren eta bai titularren aldetik», nabarmendu dute LABek ELAk, ESK-k eta UGTk. «Alarmismoan» erori nahi ez badute ere, adierazi dute «egoerak okerrera» egin dezakeela. Espinarrek azaldu duenez, erasoak eta zerbitzuko langileekiko errespetu faltak «etxean nahiz urruneko arretan» gertatzen dira. Hainbat faktorek ahalbidetzen dute hori: «Hala nola prebentzio neurririk ez egoteak, lan baldintzek eta lan kargak, eta erabiltzaileak izugarri ugaritu izanak, langileak proportzio berean ugaritu gabe». Horiek horrela, Espinarrek uste du ezinbestekoa dela zerbitzua titularrarekin aztertzea, horrelakorik berriz gerta ez dadin. «Enpresari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu utz diezaiotela gure osasunarekin eta gure duintasunarekin jolasteari», argi utzi dute sindikatuek.
Langile bat kalera
Erasoak ez dira langileen segurtasun eza islatzen duten bakarrak. Enpresak langile bat kaleratu zuen uztailean, haren lanak Madrildik egingo zirela argudiatuta. «Beraz, zerbitzua deslokalizatzeko arriskua dago», ohartarazi du Espinarrek. Kaleratzea «arbitrarioa» zela iritzita, abuztuaren 18an grebara jo zuten langileek. Hilabete geroago, Espinarrek esan du «enpresak soilik dokumentu bat adostea baloratuko duela, antolaketarekin, ekoizpenarekin eta antzekoekin lotura duten arrazoiengatik kaleratze gehiago egitearen aurka». Kontu horretan ere, «ezkor» daude langileak.
Horrez gain, salatu dute beste langile bat lan poltsatik kanporatu dutela. «Errepresio ekintza hori dokumentatu eta salatu» dute, eta urriaren 6an izango dute epaiketa. Batzordeak grebarako deialdia proposatuko du egun horretarako.
«Lan egoera ez da ideala inondik ere, lan baldintzak urrun baitaude zainketen sektoreko gainerako zerbitzuetatik», azpimarratu du Espinarrek, eta erantsi mobilizazioekin eta lanuzteekin jarraituko dutela. Are, bilera sorta bat hasi dute Eusko Legebiltzarreko talde parlamentarioekin. «Gogorarazi nahi dugu zerbitzu eredu hori ematen jarraitzea erabaki politikoa dela, bai botere betearazleak hartua, bai legegileak hartua; hala, enpresa pribatuen poltsikoak gizenduz doaz; gure lan baldintzak, berriz, okertzen ari dira, eta asistentziaren kalitatea, desagertzen», gehitu du.