Mobilizazioen harira gertatzen diren arpilatzeendako ordaindu beharko dute «nahitara» hautsi dutenek, baita Poliziak barreiatzea galdeginik ere «jende metatze batean» egonen direnek ere. Lege proposamen horren alde egin zuen atzo gauean Frantziako Senatuak: 229 boz alde, 105 kontra. Ezkerrak salatu du «manifestatzeko askatasunari» eraginen liokeen lege testu bat dela. Asanblea Nazionalaren aldi izanen da orain legearen eztabaidatzea eta bozkatzea.
Azken asteetako mobilizazioen testuinguru tiran betean heldu da hausle-pagatzaile deitzen dioten lege testuaren azterketa Senatura. Eta ganbera horretako kideek arintzekoak zituzten zenbait neurri gogortu dituzte azkenean, hala nola gizarte laguntzen kentzearena arpilatzeekin zerikusirik luketenei. Hatsarrean familia laguntzak, bizitegi laguntza eta RSA elkartasun aktiboaren laguntza baizik ez zituzten aipatu lege testuan, baina, azkenerako, familia osagarria, ikasturte sartzerako laguntza eta langintza saria ere txertatu dizkiote.
Estatu Kontseiluak trenkatuko du «elkartasunaren eta konpontzearen arteko oreka» mantentzen duenetz laguntza horien gehitu izanak kenduko lituzketenetan, Laurent Nuñez Frantziako Barne ministroak argitu duenez. Hori bera baitzen lege proposamenaren hitz nagusia, elkartasuna, legeak «arpilatzaileen elkartasun ekonomikoa» baitu helburu, lege testuan idatzi dutenez.
Zehazki, joan den udako Parisko arpilatze kasuen harira heldu zen proposamena. PSG Parisko futbol taldeak Europako Txapeldunen Liga irabazi zuen orduan, eta andeatzeak izan ziren Frantziako hiriburuan gaindi. Geroztik, urriaren 17ko mobilizazioa izan da: Frantziako Merkataritza eta Industria Ganbararen arabera, 2.500 komertzio inguru arpilatuak izan ziren egun horretan.
Ezkerraren kritikak
Orduan, Barne ministroa laket agertu da senatarien bardako bozaz. Ezkerrak, bestalde, «deriba libertizida» salatu du. Gobernuari egotzi die gizartearen eskaerei zigor kolektibo batekin erantzutea eta horretarako komertzantak instrumentalizatzea. Legea arriskutsua iduri zaie, gainera, «manifestatzeko askatasunari» eraginen liokeelakoan. Hain zuzen ere, zuzenki andeatzeetan parte hartzen dutenak aparte, lege testuak aurreikusten duena da jende metatzeetan daudenei ere kalteak ordainaraztea, hamar mila euroraino pertsonako.
RN Batasun Nazionala eskuin muturreko alderdia, berriz, biziki kontent agertu da Senatuak legearen alde egin baitu, Marine Le Penen hainbat proposamen biltzen baititu gainera, hala nola laguntza sozialei dagozkien neurriak. Alde horretatik, Errepublikanoak ere satisfos atera dira bozetatik.