Manifestariak kalera atera dira Frantzian, eta istiluak izan dira Poliziarekin

550.000 eta 800.000 lagun artean mobilizatu dira hiri nagusietan, bizitzaren garestitzea salatzeko. Jakinarazi dute 400 lagun baino gehiago atxilotu dituztela, baina ez dute larrialdi egoera ezarriko. Manifestari batek esku bat galdu du Saint-Etiennen.

Frantziako zenbait polizia manifestari baten atzetik, gaur, Parisen. YOAN VALAT / EFE
Frantziako zenbait polizia manifestari baten atzetik, gaur, Parisen. YOAN VALAT / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko urriaren 17a
17:01
Entzun 00:00:00 00:00:00

Frantziako hainbat hiri handitan protestak antolatuak zituzten Ikasle Mugimenduak eta Jaka Horiek gaurko, eta milaka lagun atera dira kalera bizitzaren garestitzea salatzeko; besteak beste, sindikatuak eta hainbat sektoretako langileak batu zaizkie. Protesta baketsuak egin dituzte hainbat lekutan, eta istiluak ere izan dira beste hainbatetan. Frantziako Gobernuak goizean goizetik ohartarazi du «ezker muturreko» taldeek kalteak eragiteko «arrisku handia» zegoela gaur Frantziako hainbat hiritan. Iturri ofizialen arabera, 140 protesta egin dituzte Frantzia osoan, eta denera 550.000 lagun baino gehiago zenbatu dituzte horietan. Antolatzaileen arabera, berriz, 800.000 lagun baino gehiago bildu dira mobilizazioetan. Laurent Nuñez Barne ministroaren arabera, laurehun lagun baino gehiago atxilotu dituzte, baina adierazi du ez dutela larrialdi egoera ezarriko. Jean-Luc Melenchon LFI Frantzia Intsumisoa alderdiko buruak, berriz, adierazi du herritarrak «modu baketsuan» mobilizatu direla.

Protestarik handienak hiri handietan izan dira, hala nola Parisen, Marseillan, Roazhonen (Rennes), Okzitaniako Tolosan, Lillen, Lyonen eta Angersen. Barne Ministerioaren arabera, «lapurreta saiakerak eta estatu indarren aurkako erasoak» izan dira hainbat lekutan. Gainera, salatu dute manifestariek su eman dietela hiri altzari askori, eta hainbat erakunderen eta komunikabideren aurkako ekintzak egin dituztela. Horrekin lotuta, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak X sare sozialean ohartarazi du prefeturei eta negozioei eraso egin dietenak «auzipetu eta zigortu» egingo dituztela.

Melenchonek, berriz, hedabideak protestez nola ari diren salatu du X sare sozialean. «Albistegietan biolentziaz betetako irudiak ipintzen dituzten bitartean, jendea modu baketsuan mobilizatzen ari da hemen. Bi mundu, bi errealitate». Bide beretik jo du haren alderdikide eta Sain-Deniseko alkate Bally Bagayokok. France Info irratiari emandako elkarrizketa batean esan duenez, mobilizazioen helburua zera da: «Borroken, suminduen eta belaunaldien bateratzea». Era berean, konbentzituta esan du gaurko mobilizazioak «dinamika handiago baten abiapuntua» direla.

Haiei erantzunez, Marine Le Pen Frantziako eskuin muturraren liderrak adierazi du  «bidezkoa» dela eskari sozialak egiteko mobilizatzea, baina salatu du «ezker muturreko bazter nahasle batzuek» eskari horiek «hondatu» dituztela. Gaineratu du Melenchonen eta haren alderdikideen diskurtsoek «biolentzia legitimatzen» dutela: «Ordena zapalkuntzatzat daukate, eta desordena eskubidetzat. Herrialdea kaosean amildu dadila besterik ez dute nahi».

Iskanbila manifestarien eta Poliziaren artean

Marseillan, esaterako, udaletxean sartu dira manifestariak, sarrerako atea puskatu ostean. Estatu indarrek berehala aterarazi dituzte, baina Benoit Payan alkateak adierazi du hainbat kalte eragin dituztela. Era berean, jakinarazi du Polizia gehiago bidaltzeko eskatu diola Emmannuel Macron presidenteari, eta hark baietz erantzun diola. «Onartezina da horrelako aldarrikapenak erabiltzea nazio gisa batzen gaituen eremua suntsitzeko», salatu du, eta, gaineratu manifestariak eskuin muturraren «inozo erabilgarriak» direla, segurtasunik ezari buruzko mezua indartzen dutelakoan. Gainera, hainbat dendatan «kalteak» izan dira, baita polizia etxe batean ere. Hori adierazi dute hango agintariek.

Le Progrès kazetak zabaldu duenez, Saint-Etienne hirian mobilizatu den manifestari batek esku bat galdu du. Iturri horren arabera, Poliziak granada bat jaurti du, eta lehergailu horrek eztanda egin du manifestari batek hartu nahi izan duenean.

Parisen, berriz, Poliziak dozenaka lagun atxilotu ditu galarazita dauden objektuak  eramateagatik, eta hainbat elkarretaratzetako parte hartzaileak sakabanatu ditu negar gasa eta ur kanoiak erabilita. Milaka lagun kalean daude oraindik, eta errepideak blokeatzen ari dira.

Frantziako Gobernuak jakinarazi duenez, 10.000 polizia eta jendarme inguru hedatu ditu Frantzia osoan, horietatik 5.000 inguru Paris hiriburuan.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA