Sexu indarkeriaren biktimentzako zentro bat zabaldu dute Araban

Bortxa sexuala jasan duten andreei arta «integrala» ematea du helburu, «krisi eta larrialdi egoeretan».

Gorka Urtaranek eta Maika Diezek aurkeztu dute, gaur, biktimentzako zentroa. RAUL BOGAJO/ FOKU
Gorka Urtaranek eta Maika Diezek aurkeztu dute, gaur, biktimentzako zentroa. RAUL BOGAJO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2024ko maiatzaren 9a
13:02
Entzun

Sexu indarkeria jasaten duten emakumeei arreta integrala emateko zentro bat zabaldu du Arabako Foru Aldundiak. «Krisi eta larrialdi egoeretan» artatuko dituzte andreak, egunean 24 orduz eta urtean 365 egunez, aurrez aurre, telefonoz zein online. Apirilaren 19tik dago martxan Tximeletak zentroa, Gasteizko erdigunean, baina ez dute zehaztu non dagoen, erabiltzaileen konfidentzialtasuna bermatze aldera. Sexu bortizkeria nozitu duten emakumeei eta haien gertukoei arreta integrala emateko ireki dute gunea, eta biktimen lehengoratze psikologikoa sustatuko du, laguntza sozial eta juridikorako tresnak haien esku jarrita.

Gorka Urtaran Gizarte Politiketarako diputatuak eta Maika Diez Bermejo Esku Hartze Sozialeko zuzendariorde teknikoak eman dituzte zentro berriaren xehetasunak. Biktimak babesteko, laguntzeko eta osatzeko lan egingo dute zentroan, eta gainerako arreta zerbitzuekin koordinatuta arituko dira, bortizkeriaren biktimak bertara bideratu ditzaten. Baina andrazkoek euren kabuz ere jo dezakete hara, bai telefonoz (650-80 10 80), bai posta elektronikoz ([email protected]), bai webgunearen bidez (www.tximeletak24h.araba.eus).

Sexu indarkeriaren biktimei arreta osoa emate aldera, Hego Euskal Herriko herrialde guztietan zabaldu behar dute horrelako zentro bat, Istanbulgo Hitzarmenak eta soilik baietz da baietz legeak hala zehaztuta. Jada zentro bat zabaldua dute Nafarroan, baita Bizkaian ere —beste bat irekitzea aurreikusi dute han—, eta hiru irekiko dituzte Gipuzkoan.

Urtaranek esplikatu du indarrean den legediak zehazten duela sexu indarkeria giza eskubideen urraketa «larria» eta «egiturazkoa» dela, baina maiz «ezkutuan» dagoela. Hala, ireki berri duten zentroan, diziplina askotako profesional talde batek aurrez aurreko laguntza eskainiko dio biktimari krisi eta larrialdi egoeretan, arreta psikologikoa eta aholkularitza juridikoa barne.

Beharrezkoa bada, biktimari laguntza eskainiko diote Osakidetzako larrialdietara edo lehen mailako arretara jotzeko, salaketa jartzeko edota bere gertuko senide edo lagunekin elkartzeko. Biktimen detekzioan, prebentzioan eta arretan lan egiten duten eragile guztien koordinazioa bermatuko dute hala: harrera eta komunikazio protokoloak landu dituzte Ertzaintzarekin, Osakidetzarekin, Justiziarekin, Emakunderekin eta beste gizarte zerbitzuekin.

«Sexu indarkeria giza eskubideen urraketa larria eta egiturazkoa da, baina, maiz, ezkutuan dago».

GORKA URTARANArabako Gizarte Politiketako diputatua

Sexu bortizkeria noiznahi jasan duten emakumeek jo dezakete zentrora, 18 urte baino gehiago badituzte edo adingabe emantzipatuak badira, eta ez da beharrezkoa aurrez salaketa jarria izatea. Artatuak izango dira sexu-indarkeria molde guztiak pairatu dituzten andrazkoak, hala nola sexu erasoak, jazarpena, sexu konnotazioa duen jazarpena, eremu digitaleko sexu indarkeria eta sexu indarkeriarekin lotutako hilketak.

Biktimentzako «abaroa»

Biktimen «lehengoratze integrala» sustatuko dute bertan, besteak beste informazioa, aholkularitza eta arreta soziala, juridikoa eta psikologikoa eskainita. Indarkeria sexualaren ondorioen aurkako estrategia baten barruan lan egingo dute, helburua baita biktimaren erreparazioa lortzea, emakume kaltetuek bizitako esperientzia traumatikoen ondoren euren bizitzarekin jarraitu ahal izan dezaten.

«Sexu eraso batek shock egoera bat sortzen du, eta esku hartzea ezinbestekoa da, trauma bihurtu ez dadin», azaldu du Urtaranek. Biktimentzako «abaro» izan nahi du zentroak, «babestuta, zainduta eta onartuta» sentitu daitezen, eta haien testigantzei sinesgarritasuna emango zaie, haien «birbiktimizazioa» saihesteko. Mezu horretan jarri du indarra Diezek: «Gure premisa zera da: sinesten dizugu, entzuten dizugu, eta lagunduko dizugu».

Ia laurehun metro koadroko lokala atondu dute hiriaren erdigunean, biktimak «babestuta, zainduta eta onartuta» egon daitezen. Biktimei arreta emateko bulegoak, patio bat, eta hitzaldietarako eta prestakuntzarako gelak ditu. Zentroa Europako Batasunaren Next Generation funtsekin eraiki dute; denera, 1,4 miloi euro. Kudeaketa gastuak bere gain hartuko ditu Arabako Foru Aldundiak, eta datozen bi urteetan milioi bat euro bideratuko dizkio egitasmoari.

109

2023an zenbat biktima Araban. 2023. urtean sexu askatasunaren aurkako delituen biktima izan ziren 109 emakume artatu zituzten Hegoak foru zerbitzuan. Kasu horiekin batera, zuzeneko biktimak izan ziren 23 adingaberi eta 45 senideri ere arreta eskaini zieten. Orain arte Hegoak erakundeak artatu dituen sexu indarkeriaren biktimak hartuko ditu aurrerantzean Tximeletak krisi zentroak. Emakunderen datuen arabera, 2023an 92 emakumek aurkeztu zuten salaketa Araban sexu askatasunaren aurkako delituengatik. Aurtengo lehen hiruhilekoan sexu indarkeriagatiko 19 salaketa erregistratu dira, iazko aldi berean zenbatutakoak halako lau.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.