LAB sindikatuak «irmo» gaitzetsi du astelehenean gizon batek Irungo (Gipuzkoa) prostituta bati sexu eraso bati egin izana. Sindikatuarentzat, «ezinbestekoa» da oinarrizko ideia bat azpimarratzea prostituzioan aritzen diren emakumeek baimena emateko eta erabakitzeko duten eskubideari buruz: «Sexu langileek, zerbitzua hasi aurretik, bezeroekin zerbitzuaren mugak eta baldintzak adosten dituzte. Akordio horretan ezarritako edozein muga urratzea sexu erasoa da. Era berean, sexu langileak eskubidea du edonoiz eta edozein arrazoirengatik bere baimena atzera botatzeko, eta bezeroak erabaki hori errespetatzeko betebeharra du».
Sindikatuak nabarmendu du «baimenaren logika» berbera dela emakume guztientzat, sexu zerbitzu baten truke dirua jaso ala ez: «Ordainketa batek ez du emakumearen gorputzaren gaineko eskubiderik ematen». Alde horretatik, argitu du zerbitzu bat aldez aurretik adosteak ez duela esan nahi emakumeak beste sexu praktika edo egoera batzuk onartu dituenik; kontrara, prostitutak onetsitakoa egin ahal izateko baldintza gisa balio du akordioak.
Arriskuak
Irungo Udaltzaingoak eta Ertzaintzak 40 urteko gizon bat atxilotu zuten astelehenean Irungo prostituzio etxe batean, sexu eraso bat egitea egotzita. Prostituzio etxeko alarma gelak abisu bat jaso, eta poliziei dei egin zieten. Bertaratu zirenean, agenteek jakin zuten gizonak sexu erasoa egin ziola 27 urteko emakume bati, eta, gainera, emakumea atxiki zuela erasoa egindako lekuan. Emakumeari laguntzera joan zen beste emakume bat jo egin zuen. LABek elkartasuna eta babesa adierazi die biei.
LABek prostituzioa eta sexu indarkeria parekatzearen arriskuez ohartarazi du: alde batetik, ez du laguntzen gertatzen diren sexu erasoak «behar bezala aztertzen»; bestetik, prostituten ahotsa «ikusezin bihurtzeko arriskua dakar, eta biktimak salaketa jartzeko duen zilegitasuna ahuldu dezake». Sindikatuaren aburuz, ezinbestekoa da prostituzioa lan gisa aitortzea, hala soilik aitortu, salatu eta artatu ahal izango baitira langileen kontrako erasoak.
Prekaritatea eta Atzerritarren Legea
Azkenik, sindikatu abertzaleak erasoaren atzean dauden baldintza materialei begiratu die. Haren arabera, «prekaritatea ere indarkeria da», emakumeek indarkeria egoerei aurre egiteko eta haietatik ateratzeko beharrezko baliabiderik gabe utz ditzakeelako. Horregatik, indarkeria matxistari aurre egiteko, funtsezkotzat jo du emakumeen lan eta bizi baldintza duinak bermatzea.
Sindikatuak ohartarazi du indarkeria matxista jasaten duten emakume migratzaileen prekaritatea eta zaurgarritasuna areagotu ditzakeela Espainiako Atzerritarren Legeak, eskubideak errespetatzea eta baliabideak eskuratzea zailduz eta indarkeria salatzeko oztopoak jarriz.
Hori guztia ikusirik, LABek, mugimendu feministarekin eta prostitutekin batera, konpromisoa berretsi du lanean jarraitzeko: «Indarkeria matxistaren kontra, sindikalismo feminista».

