Simon Fetet Pirinio Atlantikoetako prefeta 'lanean' hasi da kargua hartu orduko

Astelehenean hasi zuen agintaldia, eta bezperan Itsasun estreinaturiko margoketa baten salaketa izan da haren lehen ekintza.

Simon Fetet Pirinio Atlantikoko prefeta berriaren lehen prentsaurrekoa, agorrilaren 26an, Pauen. GUILLAUME FAUVEAU
Simon Fetet Pirinio Atlantikoko prefeta berriaren lehen prentsaurrekoa, agorrilaren 26an, Pauen. GUILLAUME FAUVEAU
Paue (Okzitania)
2026ko abuztuaren 26a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pirinio Atlantikoetako prefeturan sartzea egin du Simon Fetetek, eta lanean hasi da berehala. Izan ere, Itsasun (Lapurdi) agorrilaren 23an estreinatu zen Txomin Olhagarairen omenezko margolana ezabatzea galdegin du. Haren erranetan, Iparretarrak-eko kideek huts egin zuten atentatu baten «goraipamena» irudikatzen du obrak, eta jakinarazi du auzitara joko duela, Frantziako Zigor Kodearen 40. artikuluari jarraikiz.

Gainera, Itsasuko auzapezari galdegin dio margolana ezabatzea, eraikin publiko batean egina baita, eta eraikinak «neutroak» izan behar baitira mezuei dagokienez. Haren lehen erabakia izan da; Jean Marie Girier prefet ohiaren azken salaketa Baionako eta Sarako (Lapurdi) herriko etxeek euskarari eginiko aitortzak ezeztatzea izan zen.

Astelehenetik Fetet da departamenduko prefet berria, Jean Marie Girier Itsas Alpeetara lekualdatu ondotik, eta agerraldia egin du gaur Pauen (Okzitania). Deux-Sevres departamendutik dator. Hango prefeta izan da urtebetean, baina Frantziako beste prefetura batzuetan ibilitakoa da.

Zientzia politikoak ikasi zituen, eta ENA administrazioko Frantziako eskola nazionaletik iragan zen. Baina bere kargu nagusia 2022an lortu zuen, Barne Ministerioko Immigrazio zuzendari izendatu baitzuen Gerald Darmanin Frantziako Justizia ministroak lehenik, eta Bruno Retailleau Barne ministroak ondotik, 2022tik 2025erako tartean. Kontuen Gorteko kontseilaria ere izan da, prefeturara itzuli aitzin.

Mediapart hedabideak 2024ko martxoan argitaratu zuen garaian Fetet buru zuen Frantziako Atzerritarren Zuzendaritza Nagusiak nahitara geldiarazi zuela Gazatik palestinar herritarrak aberriratzea, 2024 hasieran. Izan ere, aberriratu beharreko 70 lagunetatik hamabi haur baizik ez ziren Frantziara iritsi. Fetet buru zen aparatuaren zati baten «borondate txarra» aipatu du Mediapart-ekin harremanetan jarri zen Atzerriko Ministerioko funtzionario ohi batek.

Bestalde, Senatuaren aurrean egindako agerraldietan, Fetetek jarrera gogorra erakutsi zuen Frantziako lurraldetik ateratzeko betebeharrak (OQTF) betetzearen auzian.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA