SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, Osakidetzako kolektibo guztien lan baldintzak hobetzeko mobilizazioak egin dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitaleetan eta lehen arretako zentroetan. Elkarretaratzeak irailean iragarri zuten greba eta mobilizazio dinamikaren harira egin dituzte, eta gogoratu langileek «aldaketa» eskatzen dutela, eta euren eskubideak defendatzeko prest daudela.
Sindikatuen arabera, joan den urriaren 30eko greba egunean gertatu moduan, mobilizazioen bidez langileak «argi eta garbi» ari dira erakusten haserre daudela, eta Osakidetzari «sakoneko» hobekuntzak eskatu dizkiote. Azaldu dutenez, joan den ostiralean mahai sektoriala egin zuten, baina bertan aurkeztutako proposamenak «ez dira nahikoak lan baldintzen gainbeherari erantzuteko». Sindikatuek azpimarratu dute «planteamendurik gabe» edo «planteamendu eskasekin» negoziazioak ez duela aurrera egingo. Hala, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari zein Osakidetzako zuzendaritzari jakinarazi diete negoziazioaren edukia aldatu eta proposamen zehatzak egiteko konpromisoa hartu behar dutela, lan baldintzen akordio bat lortzeko bidean.
Era berean, adierazi dute orain arte egindako proposamenek ez dituztela «funtsezko gaiak» barneratzen, hala nola, erosteko ahalmena bermatzea eta metatutako galera berreskuratzea —2010etik, %20tik gorakoa, haien esanetan—; lanaldiaren murrizketa; aldi baterako enpleguaren egonkortzea; eta lan karga txikitzea. Salatu dute, halaber, mahai sektorialean ez dela planteatu neurri zehatzik honako arlo hauei dagokienean: Osakidetzaren antolaketa eredua eraldatzea, pribatizazioak geldiaraztea eta lehen mailako arreta indartzea.
Abenduaren 2an mahai sektoriala egingo dute berriro, eta gehiengo sindikalak ohartarazi du aurrerapausorik eman ezean, abenduko grebei eutsiko dietela: abenduaren 9an Araban, 10ean Bizkaian, 11n Gipuzkoan, eta 14an hiru lurraldeetan.
haur-sare proiektuaren prentsaurrekoa bertan behera
Gasteizko Txagorritxu ospitalean Haur-Sare proiektuaren aurkezpena egitekoa zuten gaur, baina bertan behera geratu da sindikatuen protestaren ondorioz. Osakidetzako langileen lan baldintzak hobetzearen aldeko elkarretaratzeekin bat egin du aurkezpenak. Lanuzteei lotutako ondoren, horietan parte hartu duten hainbat lagun Haur-Sare proiektuaren aurkezpena egin behar zen gunera sartu dira, eta bertan zeuden kameren atzean kokatu dira «Ospitale honetan ez da propaganda egiten» edo «Irudi gutxiago eta baliabide gehiago» bezalako aldarriak eginez. SATSE sindikatuak esan du ez duela zerikusirik aurkezpena eten izanarekin, eta gaineratu du helburua lan baldintzak hobetzeko protesta egitea zela, baina inondik inora ez zegoela adostuta ekitaldi publikorik etetea. Era berean, barkamena eskatu die aurkezpenean zeuden erizainei.