Urte politikoaren amaiera iristear dela, Sortuk alderdiaren Nazio Batzarra egin du Iruñean. Azken kongresuan, barrura begirako zenbait aldaketa egin zituen alderdiak, eta ordutik egindako urratsak 350 militante ingururi aurkezteko eta aurrera begirako pausoak erabakitzeko baliatu dute Baluarteko batzarra. Baita egoeraren analisia egiteko ere. Nazioarteko giro nahasian, «esperantzarako heldulekuak» ikusten dituzte, eta uste dute Euskal Herrian ere egin direla horixe bera adierazten duten mugimenduak: «Ezkerreko subiranismoaren eskaintza politikoa faxismoa gelditzeko helduleku sendoa da».
Xabi Iraola Sortuko koordinatzaile orokorrak aletu ditu baikortasunerako argudio horiek. Hark garrantzi berezia eman dio EH Baiko kide Alain Iriartek Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari kargua hartu izanari. «Lehen aldiz, ezkerreko abertzale bat gure herrian indarrean diren instituzio nagusietako bateko lehendakaria da», nabarmendu du. Horrez gain, baina, uste dute azken hilabeteetan izan direla euskal nazioa sendotzeko bestelako «agerpen indartsu» batzuk ere, eta hauek aipatu ditu: euskal selekzioaren eta Palestinaren arteko partida, Korrika, greba orokorra eta EAErako estatus politiko berriaren inguruko elkarrizketak, besteak beste.
Era berean, nazioartean «gerrak, esku sartzeak eta gatazkak» diren garai honetan, Sortuk adierazi du badirela «esperantzarako heldulekuak». Eta «indar subiranistak» ari direla helduleku horiek artikulatzen; zehazki, Galesera, Eskoziara eta Irlandara begira jarri dira. Izan ere, maiatzeko hauteskundeetan, indar independentistak nagusitu ziren Galesko eta Eskoziako bozetan. Horren jakitun, Sortuk agerikotzat jo du burujabetzaren auziaren izaera «estrategikoa».
Hala, alderdi independentistaren iritziz, Euskal Herriak «aukera potentzialak» ditu egungo egoeran, baina horiei bide emateko beharrezkotzat jotzen du «bulkada nazionala» indartzea. Horiek hala, Iraolak adierazi du «giltzarria» izango dela botere harremanak Euskal Herrian bertan metatzea: «Askapen prozesuan urrats kualitatiboak egiteko potentzial handiko agertoki baten aurrean gaude». Hain zuzen, «nazio auziaren muina erdigune politikoan» jartzea da Sorturen xedeetako bat, eta horretarako «ausardia» eskatu du Iraolak.
Alderdi independentistak batzarrean aipatutako helburuen artean da «Euskal Herri osoan ezkerreko independentismoa lehen indar politiko, sozial eta instituzional» bihurtzea ere. Testuinguru horretan, Sortuk ondorioztatu du euren eginbeharra dela «herritar prozesu zabala indartzea».
Horrez gainera, «preso, iheslari eta deportatu politikorik gabeko agertokirako» oinarriak jartzea. Hain zuzen, Sare Herritarrak aurreko astean egindako agerraldian adierazi zuen litekeena dela hurrengo urtarrileko manifestazioa gisa hartako azkena izatea, azken urteetan auzi hori bideratzeko egin diren urratsen ostean. Ekitaldi hartan ziren Sortuko ordezkariak ere.
Auzia ez da «kolorea»
Inguruari begiratuta, berriz, Espainiako egoera politikoari ere erreparatu diote, eta hura «bidegurutze» batean ikusten dute. Izan ere, Iraolak uste du auzia ez dela Espainiako Gorteetarako hurrengo bozen osteko gobernuak zer «kolore» izango duen. Aste honetan bertan EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegik esanen bidetik, Iraolak berretsi du jokoan dagoela «sortutako abagunean sakontzeko» biderik egongo ote den; hau da, ea «Espainiako Erreinuaren egiazko demokratizazioari eta lurralde auziei» helduko ote zaien. Iraolak uste du nabarmena dela auzi horiei aterabide bat emateko beharra, eta ez dela halakorik egin ahal izango PPk eta Voxek osatutako gobernu batekin.