Gizon batek bere bikotekide ohia tiroz hil zuen joan den larunbatean, Zaragozan (Espainia); eta gero bere buruaz bertze egin zuen. Espainiako Berdintasun Ministerioak hilketa matxista izan zela baieztatu du. Eusko Jaurlaritzako iturriek BERRIAri baieztatu diote emaztekia sortzez Euskal Herrikoa zela, Irungo (Gipuzkoa) Behobia auzokoa.
Larunbat goizean hil zuten emaztekia, Zaragozako Las Fuentes auzoko Cardenal Cisneros kalean. Fernando Beltran Espainiako Gobernuak Aragoin duen ordezkariak azaldu zuenez, gizona andrearen lantokiraino joan zen, eta han, kalean bertan, tiroz hil zuen. Emaztekiak 49 urte zituen, eta bi ume, horietako bat adingabea.
Emaztekia Irunen jaioa zen, eta, haurra zela, gurasoekin Zaragozarat joan zen bizitzera.
Asteburuan, hilketa gaitzesteko hainbat ekintza egin dituzte herritarrek zein instituzioek deituta. Larunbatean bertan kontzentrazio bat egin zuten Las Fuentes auzoko herritarrek. Igandean, berriz, elkarretaratze isilak egin zituzten eguerdian instituzioek, eta, arratsaldean, kontzentrazio bat egin zuten hiriburuko koordinakunde feministak deituta.
Bigarren hildakoa
Aurten hiltzen duten bigarren euskal herritarra da. Lehenbiziko hilketa matxista Sarrigurenen (Nafarroa) izan zen, joan den otsailean. Zaragozakoa zenbatuta, 2003az geroztik 134 andre eta hamahiru haur hil dituzte gizonek.
Hain justu, iaz zazpi emakume hil zituen indarkeria matxistak. Gainera, 2024ko ekainaz geroztik, desagertuta dago Laure Zacchello; Urruñan bizi zen, Lapurdin, eta haren bikotekidea atxilo hartu zuten.