PSOE edo PP-Vox; ez dago besterik. Sozialistentzat, bi lehiakideren arteko dema da azaroaren 29ko bozena. PSE-EEk hauteskunde ekitaldia egin du gaur Gasteizen, Espainiako Presidentetzako ministro Felix Bolaños izan dute gonbidatu berezi, eta hizlari guztiek aurkari bakarra hartu dute ahotan: PPk eta Voxek osatutako blokea. Behin baino ez dituzte gainerako indar politikoak aipatu, eta hori izan da «inoiz ezkerreko beste alderdiei botoa eman dieten guztiei» eskatzeko orain Alderdi Sozialistaren alde egin dezatela, «horixe baita PPren eta Voxen arteko gobernu bat galaraz dezakeen aukera bakarra».
PSE-EEren idazkari nagusi Eneko Anduezak argi azaldu du ideia hori: «Ez dago erdibideetarako lekurik. Bi eredu daude elkarren aurrean; bi baino ez. Eta aukeratu beharra dago». Haren esanetan, PPren eta Voxen eredua da «ultraeskuinaren gobernu bat, non Voxek agindu eta PPk men egiten duen», eta haien programa «euskal herritarren kontra» doa, «ongizatea, babesa, demokrazia eta askatasuna eraistea» baitu xede.
Horri sozialisten eredua kontrajarri dio, «eskubideen aldekoa», Anduezak esandakoaren arabera. «Haiek soldata apalak nahi dituzte; guk, soldata duinak. Haiek uste dute etxebizitza negozioa dela; guk, aldiz, eskubidea dela. Haien ustez, zerbitzu publikoak gastua baino ez dira; guk, aldiz, pentsatzen dugu gizartea berdintasunean eraikitzeko beste pauso bat direla».
«Gauza askoren amaiera»
Anduezaren iritziz, PPk eta Voxek irabaziz gero «gauza askoren amaiera» irits liteke, eta lan eskubideak, pentsioak, osasungintza publikoa eta hezkuntza publikoa ez ezik, kontzertu ekonomikoa eta Gernikako Estatutua ere aipatu ditu arriskuan dauden arloen artean.
Horregatik, dei egin die aurreko hauteskundeetan «zilegitasun osoz eta borondate onez» beste indar batzuei botoa eman dieten herritarrei: «Azaroaren 29an, Alderdi Sozialistarena ez den beste edozein boto PPk eta Voxek gobernatzeko aukera bat izan liteke».
Antzeko mezua eman du Bolañosek. Esan duenez, «Euskadik asko du jokoan» hauteskundeetan: «Jarrai dezakegu aurrera begira, gero eta eskubide gehiago edukitzeko lanean, edo, osterantzean, atzera begiratzen duen inboluzio bat izan dezakegu, Euskadiren ongizatea arriskuan jartzen duen koalizio erreakzionario baten eskutik».
Bolañosek ere dei egin die «Euskadiko progresista guztiei, bai PSE-EEren boto emaileei, bai ezkerreko beste indar batzuei botoa ematen dietenei», eta eskatu die botoa Alderdi Sozialisten inguruan biltzeko, «horixe baita eskuinari eta ultraeskuinari aurre egin diezaiekeen aukera bakarra».