Steilas: «Hezkuntza Sailak ez du gainditu ikasturtea»

Sindikatuak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren balorazioa egin du. Hezkuntza publikoa ahultzeko neurriak hartzea egotzi dio.

Steilasen agerraldia, gaur goizean, Donostian. STEILAS
Steilasen agerraldia, gaur goizean, Donostian. STEILAS
Irati Urdalleta Lete.
2026ko maiatzaren 20a
13:39
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hilabete inguru falta da 2025-2026ko ikasturtea amaitzeko, eta Steilasek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren balorazio ezkorra egin du gaur, Donostian: «Hezkuntza Sailak ez du gainditu ikasturtea». Hauxe arrazoi nagusia: «Behin eta berriz ikusi dugu Hezkuntza Sailak ez duela erakutsi eskola publikoa indartzeko borondaterik. Bide honetan, hezkuntza sistema publikoa ahultzen duten neurriak hartu ditu: ikastetxe publikoen bat egiteak eta itxierak, lanpostuen galera, matrikulazio politika segregatzaileak eta urraketak sinatutako lan akordioan».

Sindikatuak banan-banan aletu ditu Hezkuntza Sailak ikasturtea «ez gainditzeko» arrazoiak. Bat: lan baldintzak. «2025ean gehiengo sindikalarekin sinatutako akordioaren hainbat puntu ez ditu bete Hezkuntza Sailak». Are, akordio hori betetzeko «borondate falta» egotzi diote sailari.

Bi: eskola publikoa. Sindikatuak kritikatu du Hezkuntza Saila eskola publikoak batzen eta ixten ari dela, eta, hala, ez duela apusturik egiten eskola publikoaren alde. «Steilasetik argi dugu benetako irtenbidea ez dela ikastetxe publikoak ixtea, baizik baliabide gehiago ezartzea, segregazioari aurre egitea eta sare publiko bakarra indartzea». Beren-beregi matrikulazioari erreparatuta, uste dute Hezkuntza Sailak sistema dualaren aldeko pausoa egiten duela, eta horrela «segregazioa elikatzen» ari dela: «Jaurlaritzak ez du kontrol mekanismorik ezarri diru publikoa jasotzen duten ikastetxeek legeak ezarritako baldintzak betetzen dituzten neurtzeko». Irizten diote segregazioaren arloan egiturazko neurririk ez dutela hartu eta «aldaketa estetikoak» baino ez dituztela egin: «Azken hamarkadetako politikek arazoa areagotu dute».

Eta lau: euskara. «Egoera larria da». Aipatu dute, besteak beste, Hezkuntza Sailak erabaki duela irakasleak euskalduntzeko Iraleko murgiltze ikastaroak bertan behera uztea eta Lanbide Heziketan ere ikasleen hizkuntza eskubideak «urratzen» dituztela. «Euskararen normalizazioa ezin da diskurtso hutsean geratu: baliabideak eta borondate politikoa behar dira».

Amaierako ebaluazioa: gainditu gabe

Steilasek dio Hezkuntza Sailak 750-1.000 lanpostu gutxiago esleituko dituela datorren urtean. Horrenbestez, amaierako ebaluazioa argia izan da: «Hezkuntza Sailak ez du gainditu ikasturtea». Halaber, sindikatuak nabarmendu du beraiek lanean jarraituko dutela, «euskal eskola publikoaren alde, lan baldintza duinen alde, segregazioaren aurka eta euskararen alde».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA