Atzo Eskola Bikaina Denontzat dinamikaren emaitzak jakinarazi zituen Eusko Jaurlaritzak. Bederatzi neurri garatuko dituzte datorren ikasturtean, zaurgarritzat dituzten ikasleei begira, eskola segregazioa murrizteko. Besteak beste, jakinarazi dute «doakotasun dekretua» onartuko dutela, sare publikoaren eta itunpekoaren arteko arrakala gutxitzeko asmoz. Administrazioak dinamika hori bideratzeko jarri dituen irizpideekin bat ez datozela eta, horretatik kanpo egon dira hezkuntza komunitateko kide asko, eta ahotsa ozentzen ari dira orain berriro. Atzo ELAk eta LABek kritikatu zuten prozesua. Gaur, berriz, Steilasek: Hezkuntza Sailari egotzi dio «benetako borondaterik» ez izatea eskola segregazioaren aurka egiteko.
«Eskola segregazioa gainditzeko ezinbestekoa da egiturazko aldaketak egitea, eta horretarako ausardia politikoa behar da. Steilasek argi dauka hezkuntza sistema duala gainditu eta sare publiko bakarra hedatu behar dela», adierazi du sindikatuak prentsa ohar batean. Itunpetzearen alde ematen diren hainbat argudio deseraiki behar direla esan du. «Familien aukeraketa eskubidea ezin da gizarte kohesioaren eta aukera berdintasunaren gainetik jarri». Aldaketa sakonak egiteko egin behar diren hainbat moldaketa ekarri ditu gogora.
Jaurlaritzak abian jarritako dinamika hau, gainera, herrena izan dela adierazi du Steilasek. «Hezkuntza eragile nagusiak ez dira bertan izan, eta, beraz, ez da haiek nahi duten itun soziala bilakatu». Izan ere, irailean mahaia martxan jarri zutenetik, aulki asko hustu dira, eta esanguratsuak gainera. Ikastolen Elkarteak eta EHIGE eskola publikoko familien elkarteak, adibidez, mahaia utzi zuten prozesua hasi eta gero, baita LAB sindikatuak ere. Steilasek eta ELAk, aldiz, hasieratik erabaki zuten ez parte hartzea.