Jaurlaritzak dekretu bat egingo du hezkuntza sarearen doakotasuna bermatzeko

Eskola segregazioaren aurkako itunari lotuta, bederatzi neurri garatuko dituzte datorren ikasturtean. Zaurgarritzat jotzen dituzten ikasleei laguntzak emango dizkiete, eta harrera programa bat eratuko dute atzerritik iristen direnentzat.

Segregazioari aurre egiteko ituneko jarduerak aurkezteko ekitaldia, gaur, Bilboko Euskal Museoan. IREKIA
Segregazioari aurre egiteko ituneko jarduerak aurkezteko ekitaldia, gaur, Bilboko Euskal Museoan. IREKIA
aitor biain
2026ko ekainaren 29a
16:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eskola segregazioaren aurkako ituna lortzeko mahaiak, Eskola bikaina denontzat deiturikoak, amaitu du lehen fasea. Eusko Jaurlaritzak ekitaldi bat egin du gaur goizean, azken sei hilabeteetan egindako lanaren berri emateko. Bilboko Euskal Museo berrituan izan da, eta hezkuntza komunitateko ehun bat ordezkarik parte hartu dute bertan: itunean adostu eta datorren ikasturtean garatuko dituzten jarduerak aurkeztu dituzte. Bederatzi proiektu dira denera, eta horietako bat da «doakotasun dekretua» onartzea, sare publikoaren eta itunpekoaren arteko arrakala gutxitzeko helburua izango duena.

Itunean jasotzen denez, dekretu horrek aukera emango du hezkuntza sarearen doakotasuna «modu argiagoan, homogeneoagoan eta gardenagoan definitzeko». Horrek segurtasun juridikoa eta hezkuntza komunitatearen konfiantza «indartuko» duela uste dute. Halaber, «doakotasun eraginkorra» bermatzen lagunduko duelakoan daude, «segregazioa murrizteko, finantzaketaren gardentasuna hobetzeko eta proposatutako esparruari koherentzia eta sendotasun handiagoa emateko».

Horrez gain, egokitu egingo dute orain indarrean dagoen eskolatze araudia, matrikula bizia deitua. Hala, eremu bereko ikastetxeen artean ikasle zaurgarrien banaketa orekatua bermatzeko lekuen erreserbak «funtsezko tresna» izaten jarraituko dute, baina esleipen irizpideak «argitu eta hierarkizatzeko» beharra ikusi dute, ikasturtea hasi ondoren eskolatzen diren ikasleen premiei modu egokiagoan erantzuteko.

Era berean, Eskola motxila izeneko programa ere jarriko dute martxan. Zaurgarritzat jotzen dituzten ikasleei diru laguntzak emango dizkiete, ikasketez harago jantokia, garraioa, ikasmateriala eta txangoak ordaintzen laguntzeko. Itunean jasotzen denez, laguntza sistema hori ez da puntuala izango, benetako ekitatea bermatzeko «egiturazko tresna bat» baizik.

Atzerritik iristen diren ikasleentzat ere harrera sistema berri bat eratzea adostu dute. Ikastetxe guztietan arduradun talde bat izendatuko dute, harrera prozesuak planifikatu, antolatu eta laguntzeko eta ikasleen gertuko jarraipena egiteko. Horrez gain, Keinua elkarri deituriko estrategia ere abiatuko dute, euskara erdigunean duen ingurune eleaniztun baten inguruko kontakizun «positibo, inklusibo eta partekatua» sortzeko.

Lan «oparoa»

Joan den irailean jarri zuten mahaia martxan, eta hilabeteetako lana «oparoa eta emankorra» izan dela nabarmendu du gaur Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak. Hunkituta eta eskertuta agertu da eragileek itunari ez ezik hezkuntza sistemari egin dioten ekarpenarengatik: «Ehun eragile inguru aritu zarete jo eta fuego, batzuk astero ere elkartu zarete ideiak kontrastatzeko eta ekarpenak egiteko. Beraz, niri tokatzen zait, benetan, bihotz-bihotzez, eskerrak ematea». Lan egiteko eredu hori goretsi du Pedrosak: «Hau da modua». Eta azpimarratu du ituna hezkuntza komunitate osoarentzat izango dela onuragarria, bereziki ikasleentzat.

Hala ere, aurrez osasun arloko eragileak batze aldera Eusko Jaurlaritzak eratu zuenaren moduan, mahai honek ere hutsuneak izan ditu, hezkuntzako eragile garrantzitsu hainbatek ez baitute parte hartu. Prozedura aurrera eramateko moduarekin izandako desadostasunak tarteko, Ikastolen Elkarteak eta EHIGE eskola publikoaren familien elkarteak mahaia utzi zuten prozesua hasi eta gero, baita LAB sindikatuak ere. Steilasek eta ELAk, aldiz, hasieratik erabaki zuten ez parte hartzea. Alderdi politikoei dagokienez, berriz, mahaiaren bueltan egon da EH Bildu, baina jarrera aski kritikoa izan du. Mahaitik kanpo daude Alderdi Popularra, Sumar eta Vox.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA