Stop AHT Zundaketak-ek dei egin die Beasaingo, Idiazabalgo, Ataungo (Gipuzkoa) eta Bakaikuko (Nafarroa) udalei abiadura handiko trenaren «lanak egiten ez laguntzeko eta inolako baimenik ez emateko». Hilabete honetan hasiko da laginketak egiten Madrilgo Ineco ingeniaritza enpresa lau udalerri horietako zazpi puntutan, eta 2026ko uztailera arte iraungo dute lanek.
Aurreko astean, Espainiako Gobernuak Ezkio-Itsasoko (Gipuzkoa) lotunea hobetsi zuen, eta Aralar azpitik zihoan bidea baztertu. Gaur, ordea, baztertutako bidea eta Nafarroa Arkautitik (Araba) lotzeko bidea «mahai gainean» daudela adierazi du Jose Antonio Santano Espainiako Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko ministroak: «Ez dago ezer baztertuta, informazio txostena ez dagoelako itxita».
Euskal Y-a eta Nafarroa AHT bidez lotzeko hirugarren alternatibarako laginketak egiten hasiko direla baieztatu du Santanok, bidearen lurraren «ezaugarriak frogatzeko». Alternatiba horrek Nafarroa Ezkio-Itsasorekin lotuko luke, baina Aralar natur parkea mendebaldetik inguratuta.
Hala ere, hirugarren alternatiba ere gaitzetsi dute abiadura handiko trenaren kontrako eragileek: «Agerikoa da Aralarri eragiten diola eta eraso ekologikoa antzekoa dela». Madrilek aurreko astean baztertu zuen alternatiban 22,5 kilometroko tunela eraikitzea zegoen aurreikusita; hirugarrenean, berriz, 20 kilometrokoa izango litzateke Ezkio-Itsasora iristeko egin beharreko tunela.
Plataformak dei egin die lau udalerri horietako biztanleei eta AHTaren aurka dauden herritarrei laginketak ez egiteko mobilizatzera, eta adi egoteko eskatu die «larrialdi protokoloa aktibatzen denerako». Aipatu dute udalen oposizioari eta herri mobilizazioei esker laginketak «bi urte eta erdi baino gehiago» atzeratzea lortu dutela, baita hasiak zirenak geldiaraztea ere.
Bestalde, gogoratu dute Goierri eta Sakana eskualdeetako herritarrak «behin baino gehiagotan» agertu direla azpiegitura horren aurka, eta laginketak «udalen eta biztanleen borondatearen aurka» egin nahi direla. Espainiako Garraio ministroak, ordea, «mezu hori» ez duela ezagutzen esan du, eta ez duela polemikarik izan nahi inorekin.