Bizkaiko Foru Jauregian egin zuten protesta Subflubialari Ez plataformako kideek iaz, urriaren 16an. Itsasadar azpiko errepidearen proiektua salatzeko antolatu zuten protesta, eta Ertzaintzak hainbat lagun identifikatu zituen. Bada, jakinarazi dutenez, 3.000 eurorainoko isunak jaso dituzte azken orduetan. Horiei ekainaren 29an jaso zituzten zigorrak gehitu behar zaizkie. Horiek horrela, guztira 7.200 euroren isunak jaso dituzte Subflubialari Ez plataformako kideek iazko protestaren harira.
Iazkoa «protesta baketsu bat» izan zela defendatu du berriz plataformak, gaur igorritako oharrean. Iragan urrian egindako ekintza hartan plataformako kide bat jauregi barruko baranda batean kateatu zen, eta beste zenbaitek itsasadar azpiko errepidearen aurkako pankarta bat zabaldu zuten. Plataformak salatu duenez, horrelako ekintzak berriz ez egiteko eta «autobide bat eraikitzearen aurkako jarrera isilarazteko» jarri dizkiete isunak: «Ekonomikoki ito nahi gaituzte, proiektuaren eragin ekologikoak eta kostu sozialak salatu ez ditzagun».
Isunen afera salatzeaz gain, plataformak itsasadar azpiko errepideak eragingo lituzkeen buruhausteak eta galera ekologikoak mahaigaineratu ditu. «Trafikoak eta kutsadurak gora» egingo dutela ohartarazi dute; izan ere, egun babesleku klimatikoa den Artatza parkea eta Ballonti ibaiaren ingurua —Getxo eta Leioa artean daude (Bizkaia)— «suntsituko» dituztela salatu dute. Artatza parkean egingo dute tunelaren ahoetako bat.
Bestalde, ondo-ondoan Artaza-Romo institutuaren eraikin bat dago, eta proiektuak hezkuntza komunitate horretako kideak haserrearazi ditu, eragin handia izango baitu ikastetxearen jardunean. «Han ikastea ezinezkoa izango da», adierazi du plataformak. Obretan, lehergailuak erabiliko dituzte zuloa egiteko, eta, Bizkaiko Foru Aldundiaren txostenen arabera, lanean bete-betean arituko diren garaian 48 kamioi pasatuko dira orduero institutuaren ondotik.