Sumarrek «aldaketak» eskatu ditu, Pradalesen «marketinaren» aurrean

Urte politikorako lehentasun gisa jarri ditu bidezko trantsizio ekologikoa bultzatzea eta ekonomia demokratizatzea. EAEko estatutu berria «jarrera eraikitzailearekin baina irmotasunez» negoziatuko duela adierazi du.

Lander Martinez eta Alba Garcia gaur, Bilbon. SUMAR
Lander Martinez eta Alba Garcia gaur, Bilbon. SUMAR
aitor biain
2025eko irailaren 20a
16:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sumar Mugimenduak iritzi dio «marketin hutsa» direla Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Eusko Legebiltzarreko politika orokorreko bilkuran egin zituen proposamenak. «Ezer aldatuko ez duten» iragarpenak direla esan du Alba Garcia idazkari nagusiak, eta «aldaketak» eskatu ditu.

Sumarrek Bilbon egin du bilera, abiatu berri den urte politikorako bide orria zehaztu eta adosteko. Mugimenduak hiru lehentasun ezarri ditu: «Ziurtasunak zabaltzea, bidezko trantsizio ekologikoa bultzatzea eta ekonomia demokratizatzea». Horrez gain, iragarri du «ezkerreko fronte zabal bat» eraikiko dutela proposamen horiek martxan jartzeko.

Egungo testuinguru politikoaren inguruko diagnostiko bat ere onartu dute bileran. Txosten horren arabera, egungo eredua «agortuta» dago, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan «beste garai bat» behar da. Adibide gisa jarri ditu, hain justu ere, Osakidetzaren egoera, etxebizitzaren arazoa, hezkuntzaren «pribatizazio prozesua», fiskalitate «bidegabea» eta «multinazionalen mesedera egindako energia politikak».

Era berean, EAEko estatutu berria «hurrengo hamarkadako erabakirik garrantzitsuenetako bat» izango dela uste du Sumarrek, eta zehaztu du «jarrera eraikitzailearekin baina irmotasunez» negoziatuko duela. Izan ere, iritzi dio soilik hark bermatu dezakeela «ekosozialismoa, feminismoa, arlo publikoaren defentsa eta bizitzeko eskubidearen balioak» testuan jasotzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.