Sumarrek etxebizitza krisiari erantzuteko neurriak eskatuko dizkio Pradalesi

Ezker Anitza-IUk hasiera eman dio urte politikoari, eta iragarri du Jon Hernandez parlamentariak etxebizitzaren auziari erantzuteko zenbait neurri proposatuko dituela ostiraleko bileran.

Jon Hernandez, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Jon Hernandez, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko irailaren 3a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek Sumarrekin eta PPrekin ekingo dio urte politikoaren hasiera honetarako iragarritako bilera errondari, ostiralean. Egoera ekonomikoa eta autogobernua izango dituzte hizpide, hark azaldu zuenez, baina bestelako gaiak ere izango dira eztabaidagai. Sumarri dagokionez, etxebizitza krisiari aurre egiteko neurriak. Hala iragarri du Ezker Anitza-IUko koordinatzaile nagusi Arantza Gonzalezek, lan urteari hasiera emateko egindako agerraldian.

Sumarrek ordezkari bat du Eusko Legebiltzarrean: Jon Hernandez, EPK Euskadiko Alderdi Komunistako idazkari nagusi eta Ezker Anitza-IUko kidea. Hala, koalizio hark aurreratu du Hernandezek lehendakariarekin zer landu asmo duen. Zehazki, etxebizitzaren auziari konponbide bat emateko neurriak lehenetsi dituzte. Batetik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 25.000 etxebizitza huts mobilizatzeko «ekintza ausartak» eskatuko dizkio. Bestetik, exijituko dio lan egitea foru aldundiek Espainiako Gobernuaren esku utz ditzaten tentsio eremuetako datuak, horietan gehienezko prezioak lehenbailehen ezartzeko.

Izan ere, Ezker Anitza-IUk ez du bat egiten EAJk eta PSE-EEk alor horretan aurkeztutako lege proposamenarekin, ezta Eusko Jaurlaritzak etxebizitza gehiago eraikitzeko eta gazteentzako bermeen funts bat eratzeko hartu duen erabakiarekin ere. Gonzalezen esanetan, gazte horiek «lan bizitza osorako hipotekatzea» eragingo dute. «Ez dugu ulertzen PSEk nola sostengatzen duen gobernu bat non bere bazkide nagusia, EAJ, etengabe makilakadak jotzen ari den etxebizitzaren helburu soziala bermatzeko», aurpegiratu dio Alderdi Sozialistari.

Beste lehentasun batzuk ere zehaztu ditu urte politikoari begira, eta esan du horien xedea dela «pertsonek bizitza duina izatea». Besteak beste, osasungintzaren eta hezkuntza publikoaren geroan indar egingo dute, eta energia kontsumoa murrizteko neurriak eskatuko: «Euskadi erronka horretarako prestatzeak esan nahi du zientziaren munduko gomendioak bete behar direla energiaren kontsumoa %40 murrizteko, energia berriztagarriak ez baitira nahikoa erregai fosilak ordezkatzeko». Hala, koalizioak ekintza plan bat garatuko du auzi horiek «maila instituzionalean eta sozialean lantzeko».

Estatus politikoaren inguruko eztabaidari erreferentzia eginez, berriz, Gonzalezek esan du autogobernuak xede izan behar duela «euskal gizartearen gehiengoaren bizitza hobetzea», eta ez «gutxi batzuei mesede egitea». Hala, exijitu du ez erabiltzeko auzia «konfrontazio aitzakia gisa».

Linkedin

Politika publikoen inguruko eztabaida alde batera utzita, Gonzalezek euskal herritarrei mintzatzeko duen modua ere aurpegiratu dio Pradalesi. Salatu du Linkedin sare soziala ez dela horretarako baliabide egokia, argudiatuz herritarren gehiengoa ez dagoela sare sozial horretan. Hala, Gonzalezek lehendakariari galdetu dio ea nori mintzatzeko asmoa duen sare sozial horretan «Euskadiren lehentasunak» aipatzen dituenean: «Itxaron zerrenda batean dagoenari, edo osasun aseguruei? Etxebiden izena eman duenari, edo promotore, banku eta espekulatzaileei?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.