Sumarrek ezkerreko fronte «zabal bat» proposatu du udal eta foru hauteskundeetarako

Rosa Martinez euskal politikaria izango da alderdiak Espainiako Estatuan izango dituen bi koordinatzaile nagusietako bat. Urte politiko honetako balantzea egitean, kritiko azaldu dira Eusko Jaurlaritzarekin.

Edurne Garcia eta Lander Martinez, Sumar Mugimenduak gaur Bilbon egindako prentsaurrekoan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Edurne Garcia eta Lander Martinez, Sumar Mugimenduak gaur Bilbon egindako prentsaurrekoan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
2026ko uztailaren 13a
17:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Indarrak batzeko gonbita egin du Sumar Mugimenduak. Larunbatean egin zuten alderdiaren Espainiako Estatuko batzar nagusia, Madrilen, eta haren balorazioa egin dute gaur Bilbon. Lander Martinez Espainiako Kongresuko Sumarren diputatuak eta Edurne Garcia EAEko Sumar Mugimenduko Antolakuntza idazkariak hartu dute hitza haren balorazioa egiteko, baina, Espainiako Gorteetarako hauteskundeei buruz aritzeaz gainera, keinu bat ere egin diete Hego Euskal Herriko udal eta foru hauteskundeei ere. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoara begirako «fronte zabala» osatzeko proposamena egin dute, zehazki, eta fronte hori norekin osa dezaketen ere adierazi dute: «Agenda soziala beste edozein agendaren gainetik lehenesten duten ezker eraldatzaileko antolakundeekin batera».

Kritiko mintzatu dira Eusko Jaurlaritzaren jardunari buruz. «Immobilismoa eta konformismoa» leporatu dizkiote. Bi eredu jarri dituzte parez pare: «Euskadi atzean utziko duen jarraitutasun kontserbadorea; eta alternatiba berde, feminista eta aurrerakoia». Eta bigarren ildo horretan kokatu dituzte euren burua eta fronte hori.

Jaurlaritzari «kea saltzea» leporatu dio Garciak. «Marketin asko, iragarki asko eta propaganda asko; baina erantzun gutxi herritarren egiazko arazoei». Esaterako, hizkuntza politikei lotuta, egotzi dio ez diela sendo erantzun egun indarrean den eredua auzitan jarri duten epaileei. Hori ikusirik, Sumarren jarrera ere zehaztu du, eta azaldu du haiek «konfrontazioaren aurrean adostasun zabaletan oinarritutako euskararen normalizazioa» defendatzen dutela.

«Marketin asko, iragarki asko eta propaganda asko; baina erantzun gutxi herritarren egiazko arazoei»EDURNE GARCIA Sumar Mugimenduko antolakuntza idazkaria

Bero boladari ere egin dio erreferentzia, «ikastetxeak muturreko berora premiaz egokitzeko ekinaldi bat» erregistratu baitzuen alderdiak Eusko Legebiltzarrean. Haren ustez, Eusko Jaurlaritzak ez ditu beharrezko neurriak hartu horretan; eta eskoletan ez ezik, Osakidetzan, egoitzetan, eguneko zentroetan eta bestelako eremu publikoetan ere beharrezko egokitzapenak egin behar dira.

Autogobernuaren esparruan, urtea «aurrerapausorik gabe» amaitu dela ere adierazi du Garciak. Alderdi politiko zehatzik aipatu ez badu ere, negoziazioak «opakutasun osoz» egiten direla salatu du. Eta, kasu horretan, Eusko Jaurlaritza osatzen dutenei —EAJ eta PSE-EEri— ez ezik, EH Bilduri ere egin dio kritika inplizitua. Garciaren esanetan, «euskal stablishment-aren tripartitua» delako erabakiak hartzen dituena, eta «Eusko Legebiltzarraren eta hiritarren bizkarretara» egiten dutelako hori.

Gainera, hiritarren «eguneroko arazoei» bizkarra ematen dietela ere gaitzetsi du. Haren hitzetan, besteak beste, etxebizitza, osasuna, lana eta zaintza dira erantzunik gabe geratu diren gaietako batzuk.

Sumar Mugimenduak prentsaurrekoa egin du gaur, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Sumar Mugimenduak prentsaurrekoa egin du gaur, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU

Edurne Garciak gogoratu duenez, Sumar Mugimenduak parlamentari bakarra du Eusko Legebiltzarrean, baina uste du «politika erabilgarria» egin dutela, iritzita beste alderdiek «saihestu» nahiko lituzketen eztabaidak «zentroan jarri» dituztela: besteak beste, eskola segregazioari, etxegabeen egoerari, zaintzari eta tauromakiaren abolizioari lotuta egindako lana aipatu du horren frogatzat.

Batzar nagusia egin berri

Sumarrek larunbatean egin zuen bere batzar nagusia ere ontzat jo dute Garciak eta Martinezek. Alderdiko koordinatzaile orokor berriak aukeratu zituzten bertan, eta euskal herritar bat izango da tartean. Izan ere, Veronica Barbero izango da bi koordinatzaile nagusietako bat, eta Rosa Martinez euskal politikaria izango da bestea. Egun, Martinez Eskubide Sozialen estatu idazkaria da Espainiako Gobernuan. Aurretik, Espainiako Kongresuko diputatu izan zen, eta Ahal Dugu-ren lehendakarigai izateko ere aurkeztu zen primarioetara, baina Miren Gorrotxategi gailendu zen barne prozesuan.

Alderdiaren zuzendaritzari lotutako beste nobedade bat ere izan zen larunbatean. Jakina zen Yolanda Diaz Espainiako presidenteorde eta Movimiento Sumarren sortzaileak ez zuela hurrengo Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara aurkezteko asmorik, baina, larunbatean ezagutarazi zutenez, aurrerantzean ez da alderdiaren egituren parte izango. Dena den, Lander Martinezek txalotu egin du bere lana, eta haren «oinordekotza» eurena egiten dutela adierazi du. Nabarmendu du «indar ekosozialista eta laborista» sendotu dutela, eta horrela izaera «sendoa» eta «ezaguterraza» izan nahi dute datozen Espainiako hauteskundeei begira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA