Susana Atxaerandio TAT Torturaren Aurkako Taldeko kide izandakoa hil da, Gasteizen, gaixotasun larri baten ondorioz. Azken bi hamarkadetan torturaren aurkako borrokan eta biktimei ahotsa emateko lanean aritu zen Atxaerandio.
Hark ere salatu zituen tratu txarrak. 2002an, Guardia Zibilak atxilotu zuen ETAren laguntzaile izatea leporatuta, eta inkomunikatuta egon zen denboran elektrodoak jarri zizkiotela, kolpeak jasan zituela eta biluzarazi egin zutela kontatu zuen.
Espetxetik atera ondoren, 2009an, beste hamar lagunekin batera epaitu zuten, Araban egindako hainbat sarekadatan atxilotutakoak. Horien artean Unai Romano zegoen, atxiloaldian tortura basatiak jasan zituela salatu zuen gaztea.
2006an, Elorrion egindako Torturatuen I. Batzarraren adierazpena irakurri zuen Atxaerandiok, Edorta Jimenez idazlearekin batera. Horrez gain, Torturaren Aurkako Taldearen kanpainen aurkezpenetan parte hartu zuen, eta Euskal Herriko Torturatuen Sarean ere lanean aritu zen. Duela urte erdi, Guardia Zibilaren desfileek tratu txarren biktimei eragiten dieten mina agerian uzteko Memoria Osoa plataformak egindako salaketarekin bat egin zuen, beste hainbat torturaturekin batera.