Ilargiak estali du Eguzkia

Ilargiak 20:27an estali du erabat Eguzkia, eta orain urruntzen ari da pixkanaka.

Eguzki eklipse osoa Ferrolen (Espainia). KIKO DELGADO / EFE
Eguzki eklipse osoa Ferrolen (Espainia). KIKO DELGADO / EFE
Itsaso Jauregi - Maddi Iztueta Olano
2026ko abuztuaren 12a
20:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Segundo batzuetako gaua, horixe bizi izan da Euskal Herrian 20:27 inguruan. Minutu horretantxe estali du Ilargiak erabat Eguzkia, jendea etxetik, hondartzatik, mendi tontorretatik begira zegoela. Ekhi eta Ilazki bat egin arte arrimatu dira une batez, baina elkarrengandik urruntzen hasiak dira, hiru mende barru berriro elkartu arte.

Ilundu da Euskal Herria, eklipsea erabatekoa izan den guneetan: Gasteiztik hegoaldera Araban, eta Nafarroako hegoaldean. Gainontzean, kolore berezia hartu du zeruak, erabat itzali gabe baina ohiko distira apalduta.

Elkartzeko eguna izan da askorentzat; betaurrekoak jantzi eta eklipsea behatzeko leku onenaren bila joatekoa. Auto ilarak ugaritu dira egun guztian: zazpi kilometroko ilarak osatu dira Irun inguruan (Gipuzkoa), AP-8 errepidean, Bilborako noranzkoan; hain justu, Ipar Euskal Herritik hegoalderanzko bidea hasi dute herritar askok, eklipsea ikusteko asmoz. Zarautzen (Gipuzkoa), berriz, bi kilometroko ilarak osatu dira. Dena dela, bada prestaketak azken ordurako utzi dituenik; hots, Baionako farmazia guztien aurrean, adibidez, sekulako lerroak egon dira jendeak betaurrekoak erosi nahi zituelako.

Askotariko planak egin dituzte herritarrek, baina eklipsea ikusteko bidean kontuz ibiltzeko eskatu dute Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak eta Euskalmetek. Izan ere, Nafarroan osasun alerta dago beroagatik, eta bereziki arriskurik handiena dutenak babestea gomendatu dute: 65 urtetik gorakoak, 4 urtetik beherakoak, haurdun dauden emakumeak, langileak, eta gaixotasun kronikoak dituztenak. Iragarpenen arabera, 39 gradu inguru izango ziren Nafarroa erdialdean.

Horregatik, Osasun Departamentuak ur asko edatea gomendatzen du, maiz eta egarri izan gabe. Komeni da, halaber, edari alkoholdunik, kafeinadunik eta azukredunik ez hartzea. Eguzkitik babesteko, txanoa edo kapela eramatea ere gomendatu dute, eguzki krema eta arropa zabalak erabiltzeaz gain. Haizemaileak eskura izatea ere aholkatu dute, eta posible bada leku freskoak edo itzalekoak bilatzea. Neurri horiek guztiak kontutan hartuz, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak azken urtean eklipsearen behaketa prestatzeko egin den lana txalotu du: «Nafarroan gure esku zegoen guztia egin dugu gaurkoa egun historikoa izan dadin. Lana eginda dago; gozatzea besterik ez da falta».

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere tenperatura beroak espero dira. Euskalmeten arabera, zerua oskarbi egongo da eklipseak iraun artean, 19:30etik 21:30era; ez da ia lainorik egongo. Araban egingo du berorik handiena: 32 eta 33 gradu artean hasieran, eta 27-28 bukaeran; Bizkaian, berriz 26 gradu inguru izango dira, eta Gipuzkoan, antzera.

Suteak pizteko arriskua

Beroaren ondorioz, sute arriskua handiagoa da. Aemet Espainiako meteorologia agentziak jakinarazi duenez, suteen arriskua «oso handia» edo «muturrekoa» da ia Nafarroa osoan. SOS Nafarroak gomendatu du ez egitea suteak eragin ditzakeen inolako jarduerarik, eta, sutea piztuz gero, 112ra lehenbailehen deitzea. Suterik bada, ebakuatzea ezinbestekoa da: egokiena eremu irekietara jaistea da, hala nola bide eta errepideetara, edo jada erreta dauden eremuetara.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak aholku batzuk eman dizkie eguzki eklipsea ikustera joango diren herritarrei: ez da komeni landarediaren gainean aparkatzea, motorraren beroak sua pitz baitezake; barbakoarik ez da egin behar, eta ez da zigarrorik lurrera bota behar. Era berean, eskatu dute kristalezko botilarik eta hondakinik ez uzteko eguzkitan.

Disfrutatzea bai, baina jarraibideak alde batera utzi gabe. Hori ziurtatzeko, Nafarroako Gobernuak mezu bat bidaliko du egun osoan telefonoetara, ES-ALERT alerta sistemaren bidez, eklipsearekin, suteen prebentzioarekin eta mugikortasunarekin lotutako egoeretan segurtasuna bermatzeko asmoz.

Nafarroako herritarrentzako eta bisitarientzako abisuak hau adieraziko du: sua egitea debekatuta dagoela, baso pistetatik ezin dela ibili, eta, azkenik, galarazita dagoela bazterbideetan gelditzea eta egokitutako guneetatik kanpo aparkatzea. Mezua Nafarroan dauden mugikorretan jasoko da, Iruñean izan ezik; hau da, hiriburutik kanpo daudenek baino ez dute jasoko. Helburua honelakoak prebenitzea da: elkarretaratze jendetsuak, basoan suteak izateko arriskua, tenperatura altuak eta eklipsearen aurretik nahiz ondoren trafikoa pilatzea.

Gaztelugatxe, itxita

Eklipsearen harira, Gaztelugatxeko bi sarrera ixtea erabaki dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bakioko eta Bermeoko udalek (Bizkaia); zehazki, Urizarretatik eta Ermutik iristeko bideak itxiko dituzte. Jakinarazi dutenez, helburua da bisitarien «segurtasuna» bermatzea, eta Gaztelugatxeko «natura ingurunea babestea».

Hain justu, espero da jende asko joatea eremu horretara eklipsea ikusteko. Bisitei dagokienez, goizean baino ezingo da joan, eta aurretik horretarako sarrera eta txanda hartuta. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA