Heldu da azken asteetan egunkarietako orrialdeak, telebistako minutuak eta tabernetako txokoetako elkarrizketak bete dituen eguna. Gaur, 20:30 aldera, Eguzkiaren eta Lurraren artean kokatuko da Ilargia minutu batez, eta ilundu egingo dira Hego Euskal Herriko hainbat txoko. Horrek milaka herritarren interesa piztu du, eta, eguzki eklipsea ikusteko nahi hori dela eta, lekurik aproposena bilatzeko bidaiak eta jende pilaketak egongo direla aurreikusi daiteke.
Horiek horrela, hainbat gomendio eta ohartarazpen datoz jarraian, eklipseaz era seguru batean gozatu ahal izateko. Izan ere, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak ohartarazi dute litekeena dela auto pilaketak izatea; eta, horregatik, aurretik ibilbidea planifikatzea eta eklipsea ikusteko lekura denborarekin heltzea eskatu diete herritarrei. Adituek, gainera, eskatu dute eklipsea ikusterakoan kontuz ibiltzeko: beti horretarako espresuki ondutako betaurrekoak erabilita begiratu behar zaio eguzkiari.
Garraioa eta pilaketak
Eguzki eklipsea ikusteko lekurik aproposena bilatuko duenik bada, eta horretarako autoa hartzea aurreikusten dute hainbatek. Hori dela eta, eta agian auto ilarak egongo direla jakitun, herritik mugituko diren horiei jatekoa eta edatekoa izateko eskatu diete erakunde publikoek, baita bidaia aurretiaz antolatzeko eta denborarekin abiatzeko ere. Eta ez da gutxiagorako, bi gobernuek alerta ezarri baitute pilaketak direla medio: Nafarroako Gobernuak bigarren mailako larrialdi egoera du aurreikusia, esaterako.
Nafarroako Gobernuak eklipsea «leku aproposenetan» ikusteko sare bat antolatu du Eklipse proiektuaren barruan —700.000 euroko aurrekontua du, eta, jendetza biltzeko lekuak atontzeaz gain, dibulgazio zientifikorako erabili dute dirua—. Guztira hogei gune prestatu dituzte, eta horietan 50.476 lagun biltzea aurreikusten du foru gobernuak. Fiteron, Lodosan, Tafallan, Tuteran eta Castejonen daude gune horiek, besteak beste. Gainera, Bardeak eta Sendaviva parkeak garrantzi berezia izango dute. Azken hori 6.000 lagun jasotzeko prestatu dute, eta urritasun bisuala dutenentzako eremu bat ere prestatu dute.
Eusko Jaurlaritzak, ostera, joan-etorriak «ahal bezain beste ekiditea» erregutu du: jada eklipsea ikusteko beste leku batera joanak ez diren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrei herrian geratzeko eskatu die Lakuak. Hala ere, jende gehien pilatzea aurreikusten duten lekuetan Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren presentzia areagotuko duela jakinarazi du Segurtasun Sailak.
Itzulera mailakatua
Behin eklipsea bukatu eta gero, 21:30 aldera, bizitokira itzultzeko autoa hartu behar duten horiei tentuz jokatzeko eskatu diete agintariek. Itzulerako bidaia «mailaka» egitea proposatu dute; hau da, denek autoa aldi berean ez hartzea. Ahal dutenei ordu erdi itxaroteko eskaria egin diete Gasteizek eta Iruñeak.
Bestalde, erakunde publikoek gogorarazi dute ezin dela gidatu eklipserako betaurrekoak jarrita. Eta eguzki eklipsea ikusteko bazterbidean gelditzea galarazita dagoela azpimarratu dute. Gainera, 7.500 kilo baino gehiago pisatzen duten autoek —hau da, kamioiek— zenbait orduz galarazia izango dute errepidetik ibiltzea: 17:00etatik 23:59ra ez da horrelakorik egongo errepidean herritarren segurtasuna bermatzeko, salbuespenak salbuespen.
Beroa
Gobernuek ez dituzte larrialdi egoerak ezarri soilik jendetza elkartuko delako. Izan ere, merkurioak gora egingo du egunean zehar. Bilbon, Gasteizen eta Iruñean, esaterako, 30 gradu inguru egongo dira arratsaldean. Are gehiago, Arabako hiriburuan 38 graduraino helduko direla ere ohartarazi du Euskalmetek. Horiek horrela, Lakuak alerta horia ezarri du, eta jakinarazi du neurriak hartuko dituela beroak eklipsea ikustera bertaratutakoei kalte egiten badie ere. Horregatik, ura gainean izatea gomendatu dute.
Gainera, jende pilaketak eta beroak bikote txarra osatu dezakete. Azken hilabeteetan, suteak bizi izan dira inguruan, eta, horren jakitun, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du ezarritako alertak barne hartzen dituela suteei «azkar» erantzuteko neurriak.
Ikusmen arriskuak ekidin
Beroa ez da osasunerako arriskuak ekar ditzakeen faktore bakarra. Eklipseak berak, tentuz jokatzen ez bada, kalteak eragin ditzake. Hura ikusteko, betaurreko bereziak erabili beharko dira; eta ez egunerokoan erabiltzen diren eguzkitako betaurrekoak, optikarien elkargoek azpimarratu dutenez. Eklipsea ikusteko propio egindako betaurrekoak erabili ezean, erretinen zelulei kalte egin diezaieke eguzkiak. Guztiz ilun dagoen minutu horretan baino ezingo dira kendu; prozesuak iraun bitartean, ordea, haiek jantzita begiratu beharko zaio eklipseari.
Eguneroko eguzkitako betaurrekoak alde batera uzteaz gain, eklipsea ikusi nahi dutenek adi ibili beharko dute eklipserako betaurrekoekin. Izan ere, horietako batzuk «akastunak» izan daitezkeela jakinarazi zuen herenegun Facua kontsumitzaileen elkarteak. Sei modelo kendu dituzte merkatutik: Lionstar, ECP Eye Care Professional, Pelispan, Homenaje, Orro eta Opticalia enpresenak.