Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak estreinakoz hitz egin du Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile batek terrorismo delituak egotzita espetxera bidalitako bi lagunen auziaz. Larunbatean Irungo ertzain etxean beren burua aurkeztu ondoren atxilotu zituen Ertzaintzak. «Material oso delikatua» zeramaten hiru pertsona identifikatu zituzten irailaren 26an egindako kontrol batean, Eskoriatzan (Gipuzkoa), baina orduan aske utzi, eta handik hiru astera iritsi ziren atxiloketak. Horren zergatia galdetu diote Zupiriari. «Ertzaintzak identifikatu zituenean, pertsona horiek ez ziren deliturik egiten ari, eta ezin zituzten atxilotu. Ikertu egin dugu, eta aurkitu den informazioa justiziaren esku utzi».
Aurrerantzean ere Ertzaintzak ikertuko du gazteen auzia —Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduetara—, jakiteko «delitu larriak» egin ote diren, sailburuak esan duenez.
Ikusi gehiago
BERRIAk jakin duenez, atzo bertan Ertzaintzak bi gazteen etxeak miatzeko eskaera bidali zion epaileari. Antonio Piña Alonso magistratuak atzera bota du eskaera. Argudiatzen duenez, atxilotuei jada atzeman zaizkie ordenagailu pertsonalak, sakelakoak eta pendriveak, eta hori «nahikoa» da. Piñak gehitu du ia hilabete bat iragan dela atxilotuak izan zirenetik eta «frogak desegiteko aukera handia» egon daitekeela.
Auto horren berri ez du eman Segurtasun sailburuak; aldiz, epaileak atzo emandako ebazpen nagusiari erreparatu dio bere azalpenari oinarria emateko. «Justiziak susmoak ditu pertsona horien inguruan, eta zenbait erabaki hartu ditu: ikerketa bat egitea eta, bitartean, ikertuak behin-behinean espetxeratzea». Zupiriak epailearen idatzian aipatzen diren erakundeen inguruan ere hitz egin du. Aske, Jarki eta Jardun aipatu ditu sailburuak, Piña epailea horien inguruan aritu dela gogora ekarrita, eta erakunde horiek guztiak «alegalak» direla ziurtatu: «Ez dira ageri erakunde politikoen erregistroetan». Beraz, hori ere ikertzeko modukoa dela uste du Zupiriak.
«Aske, Jarki eta Jardun alegalak dira: ez dira ageri erakunde politikoen erregistroetan »
BINGEN ZUPIRIA Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua
Segurtasun sailburuak gehitu du herritarrak «bermeak» ematen dituen estatu batean bizi direla, eta herritar guztiek dituztela eskubideak, «kasurako, libre mugitzeko eskubidea»; horrekin lotu du Ertzaintzak Eskoriatzako kontrolean hartu zuen erabakia: hau da, aste batzuk geroago espetxera bidali dituzten bi gazteak —eta aske dagoen beste bat, irlandarra, zabaldu denez— orduan libre uztea.
Abokatuaren salaketa
Atzo deklaratu zuten 34 urteko gizonak (A.B.G.) eta 22 urteko emakumeak (M.G.I.) Madrilen. Deklarazioan, fiskalak aurkeztutako materiala auzitan jarri zuen Aratz Estonba abokatuak. BERRIAri azaldu dionez, atxilotu zuten egunean A.B.G.-k Arrasatera bere bila joateko eskatu zion M.G.I.-ri, eta hura Irlandako kide batekin joan zen autoan. Handik irtenda, Eskoriatzako kontrolean atzeman zituzten. A.B.G.-k epaileari kontatu zion Arrasaten hainbat bilera egin zituela abokatu batekin, kazetariekin eta herri mugimenduko kideekin. Bilkura horien xedea zen «hainbat infiltrazio egon zitezkeela susmatuta, kasu horiek eta jarraipen polizialak agerian uztea eta hainbat informazio kontrastatzea».
Abokatuaren arabera, horregatik zuen polizien gaineko informazioa. Horien artean, Espainiako polizia baten telefonoa ageri da. «A.B.G.-ri kolektibo batek emana dio informazio hori». Euskal Herriko herri okupatu bat hustu zenean, «duela bost urte baino gehiago», telefono bat azaldu zen, eta polizia batena zen. «Hark [A.B.G.-k] esan du informazio hori inoiz ez duela ukitu».
Defentsaren arabera, akusazioak «muzin» egin zien akusatuen azalpenei. Halaber, abokatuak auzitan jarri zituen fiskalaren argudio guztiak, eta leporatutako delituak ukatu. Besteak beste, Ertzaintzak akusatuei bi walkie-talkie atzeman izana eta horiek poliziaren kontrolak saihesteko erabili izana. Estonbak gezurtatu egin zuen hori, eta argudiatu kontrolak saihestu ahal izateko beharrezkoa dela walkie-talkietako bat beste auto batean izatea.
Edonola ere, epaileak bi atxilotuak kartzelatzeko agindua eman zuen atzo. Bere ebazpenean azaldu zuen atxilotu baten motxilan «gailu zifratuak» aurkitu zituela Ertzaintzak; haien arabera, «indarkeria ekintzak egiteko entrenamenduen argazkiak» ikusten dira horietan, baita «ETAren banderak» ere. Halaber, Espainiako Poliziaren agente baten telefono zenbakia aurkitu zuten, baita «zenbait ibilgailuren argazkiak eta matrikulak» ere. Horrez gain, epaileak ziurtatu zuen «ustezko zulo batekin lotutako informazioaren ebidentzia susmagarriak» atzeman dituela poliziak.
A.B.G. eta M.G.I. «Jardun koordinakundeko kideak» direla esan zuen epaileak, eta talde horren barruan Jarki dagoela, «borroka ideologiko iraultzailea, independentista eta sozialista sustatzen duen taldea», baita Aske ere, «errepresioaren aurkako eta amnistiaren aldeko talde sozialista eta independentista», epailearen azalpenaren arabera.
Esteban eta asmoak
EAJko presidente Aitor Estebanek ere egin ditu adierazpenak bi espetxeratuen auziaren inguruan. Ezker abertzaleko «talde disidenteak» tartean direla eta, «erne» egon behar da, RNE irratian esan duenez. Uste du talde horietako batzuk «bor-bor» daudela, «beti izaten baitira nostalgikoak». Hala, EBBko burua «kezkatu samar» dago Espainiako Auzitegi Nazionalak espetxera bidali dituen gazte bien auzia dela eta; espero du «gertakaria» azkar argitzea. «Ematen du indarkeria jarduerekin lotuta egon daitekeen materiala zutela», erantsi du.
Edonola ere, Estebanek esan du «tentuz» aztertu behar dela gaia, zer pasatu den jakiteko: «Pentsatzen dut datozen egunetan xehetasun gehiago izango ditugula». Eta gehitu du Ertzaintzak atzemandako gailuak eta informazioa ez direla «edozein herritarrek duen zerbait». Uste du horrelako materiala izateak erakusten duela «atzean asmo jakin batzuk» egongo zirela.