Irungo atxilotuen kasua «Poliziaren jukutria» dela salatu du Askek

Gasteizen egindako agerraldian, adierazi dute Espainiako Auzitegi Nazionalak ez duela atxiloturiko bi lagunen aurkako «frogarik», eta horiek «lehenbailehen» aske uzteko eskatu dute. Atxiloketak «kriminalizazio» kanpaina baten parte direla uste dute.

Askek Gasteizen antolaturiko agerraldia. RAUL BOGAJO / FOKU
Askek Gasteizen antolaturiko agerraldia. RAUL BOGAJO / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
Gasteiz
2026ko urriaren 21a
13:57
Entzun 00:00:00 00:00:00

Muntai polizialik ez, Malen eta Aratz askatu zioten kartelak eskuan zituztela, dozenaka pertsona batu ditu Aske antolakundeak Gasteizko katedral zaharraren ondoko plazan, salatzeko joan den larunbatean terrorismo karguak egotzita Irunen atxilotu zituzten bi lagunen aurkako kasua «Poliziaren jukutria» dela. Jardun koordinakundeko kidetzat jo ditu epaileak bi atxilotuak, eta, hain zuzen ere, Jardunen baitako taldea da Aske. Jardunek, ordea, adierazi du atxilotuek ez dutela «inolako loturarik koordinakundearekin». Bi gazteak «lehenbailehen» libre uzteko eskatu du Askek, eta haien aurka «inolako baliorik gabeko frogak» erabili dituztela salatu du.

Ertzaintzak berak zabaldutako bertsioaren arabera, irailaren 26an Eskoriatzan (Gipuzkoa) egindako kontrol batean gelditu zituzten bi atxilotuak, haiekin autoan zioan «irlandar jatorriko» hirugarren batekin batera. Askeren arabera, egun hartan «denbora luzez bai autoa, bai haiek miatu ondoren, gainean zuten guztia kenduta aske utzi zituzten». Ertzaintzaren arabera, orduko hartan ez zituzten gazteak atxilotu, «ez zirelako deliturik egiten ari». Alta, urriaren 17an, 34 eta 22 urteko bi akusatuak, A.B.G eta M.G.I., Irungo ertzain etxera joan ziren abokatuarekin, eta orduan atxilotu zituzten.

Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku geratu ziren ondoren bi atxilotuak, epaitegi hori arduratzen baita terrorismo delitu deritzen horiez. Hain zuzen ere, «talde edo erakunde terroristekin» lotutako ustezko delituak egotzi dizkie biei Angel Piña epaileak: «bake publikoaren aurkako atentatua» eta «armak eta lehergaiak fabrikatzea eta edukitzea». Delitu horiek leporatuta, behin-behinean kartzelara bidali zituen epaileak atzo. Askeren arabera, delitu horiek leporatzeko «inolako baliorik gabeko frogak» erabili ditu epaileak. «Akusazio horien frogatzat, soilik su itzalgailuak pinturaz nola bete erakusten duen bideo bat hartu dute», adierazi dute.

«Material oso delikatua»

Eusko Jaurlaritzaren segurtasun saialaren arabera, atxilotuei «material oso delikatua» atzeman zien Ertzainak. Atzoko saioan aipatu zituen epaileak material horietako batzuk: ebazpenean azaldu zuen atxilotuen motxilan «gailu zifratuak» aurkitu zituela Ertzaintzak. Akusatuen mugikorrei egiten die erreferentzia horrek. Ertzainen arabera, «indarkeriazko ekintzak egiteko entrenamenduen argazkiak» ikusten dira horietan, baita «ETAren banderak» ere. Halaber, Espainiako Poliziaren agente baten telefono zenbakia zegoen, baita «zenbait ibilgailuren argazkiak eta matrikulak» ere.

Horrez gain, epaileak ziurtatu du «ustezko zulo batekin lotutako informazioaren ebidentzia susmagarriak» atzeman dituela poliziak. Jardun Koordinadoraren kide izatea ere egotzi die epaileak, erakundeak hasiera batean hori ukatuagatik. Talde horren barnean kokatu ditu epaileak Jarki, «borroka ideologiko iraultzailea, independentista eta sozialista sustatzen duen taldea», eta baita Gasteizko agerraldia antolatu duen aske bera ere. Froga horietan oinarrituta, fiskaltzak akusatuei Espainiako Zigor Kodearen 571. eta 550. bis artikuluak aplikatu behar zaizkiela argudiatu du, talde terroristaren parte izateari eta agintaritzari erresitentzia egiteari dagozkionak, alegia.

Atxilotuen abokatuak, Aratz Estonbak, akusazioak ukatu zituen, eta frogak ezbaian jarri zituen, Askek gaur egin bezala. Estonbaren arabera, fiskaltzak «muzin egin zien» akusatuen azalpenei, eta «larriagoa» dena, epaileak berak ere ez zien kasurik egin Estonbak akusatuen defentsan esandakoei. «Oso larria da, berdin du-eta zer esan dudan. Ez dizkio bi minutu ere eskaini bakoitzak argudiatutakoari. Gutxienez denbora pittin bat har dezala aztertzeko ea nik esandakoak zalantzan jartzen duen fiskalaren hipotesia eta ea nire hipotesia errealagoa den», adierazi zuen epaiketaren ondoren Estonbak. 

«Kriminalizazio kanpaina»

Askeren ustez, beraz, «kriminalizazio kanpaina» bat abiatu dute Espainiako hedabideek atxiloturiko gazten kontra, baina baita Jardun koordinakundearen aurka ere. Horrek «epailearen erabakia baldintzatu du zeharo», Askeren ustez, «presio mediatikoaren» eraginez epaileak «saioa hasi aurretik» erabakia baitzuen atxilotuak kartzelara bidaltzea. «Abokatuek diotenez, akusatuei ez diete defentsarako inolako aukerarik eman», gehitu dute.

«Ohartarazpen» bat ere egin nahi izan du Askek: «Horrelako frogak erabilita terrorismoa lepora badiezagukete, horrek esan nahi du Euskal Herrian antolatuta dagoen edozein pertsonari egotzi diezaioketela terrorismoa. Terrorismoaren mamu horren aitzakian, bi pertsona horiekin egin bezala, haien militantzia politikoan baliatutako borroka moldea edozein dela era, terrorismo delitupean atxilotua eta behin-behinean espetxaratua izateko arriskua dago». Kriminalizazio kanpaina horren aurka elkartasuna adierazteko eta atxilotuen askapena eskatzeko deia luzatu diete Asketik Euskal Herriko eta nazioarteko «eragile politiko zein norbanakoei».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA