Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak Segi gazte antolakundeko 29 kide ohi elkartu ditu Donostiako Bakearen Usoaren eskulturaren aurrean, eta han eskatu dute beren torturen auziak banan-banan berriro irekitzeko eta ikertzeko. Denek garai berean pairatu zituzten torturak, 2009. urtearen amaieran: Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak 32 pertsona atxilotu zituzten Segiko kide izatea leporatuta, eta atxilotu guztiek salatu zuten torturatu egin zituztela.
Eskulturaren parean argazkia atera ostean, Okendo kultur etxean eman dute prentsaurrekoa, eta bertan parte hartu dute Itxaso Torregrosa eta Maialen Eldua salatzaileen ordezkariek, Aiert Larrarte abokatuak eta Iratxe Urizar GEBehatokiko abokatuak.
Larrartek xehe eman ditu azalpenak. Orotara, 40 lagun atxilotu zituzten, baina ez modu berean, ezta garai berean ere. 2009ko azaroaren 24an, 31 gazte independentista atxilotu zituzten Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak, polizia operazio konplexu batean. Ondoren, abenduaren 2an, beste gazte bat atxilotu zuten Espainiako Auzitegi Nazionaleko sarreran. Gainerako zortziak atzerrian atxilotu zituzten, eta gerora ekarri Euskal Herrira.
Datu bat eman du Torregrosak, torturatuen ordezkarietako batek: «Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak atxilotu gintuzten gutariko gehienak, eta modu basatian torturatu gintuzten guztiok. Frantziako eta Italiako poliziek gutako zortzi atxilotu zituzten, eta haiek, berriz, ez zuten torturarik jasan».
Hasieran atxilotu zituzten 32 pertsonek salatu zuten torturatu egin zituztela, baina ez hasieratik, eta ez edonoren aurrean. Hori bai, Larrartek ziurtatu du denek beren abokatuen aurrean aitortu zutela torturak jasan zituztela.
«32 tortura salaketa horietatik bat bera ere ez zen iritsi auzitara, denak lehenago artxibatu baitziren», deitoratu du Larrarte abokatuak. Nabarmendu duenez, epaileak eskura eduki zituen polizien izen-abizenak eta zenbaki profesional guztiak, baina ez zuela «auzibide bakar bat ere» abiatu. «Auzibide bakarra abiatu zuen: atxilotuen kontrakoa». 2013an epaitu zituzten gazteak, bi epaiketatan.
Kontrako epaiketa bat, trukean
Urizarrek berretsi duenez, hura izan zen Euskal Herriko historian polizia operazio baten bueltan jende gehien bildu duen prozedura judiziala. Gazteen kontrako epaiketaren datuak eman ditu Larrartek: Espainian Poliziak eta Guardia Zibilak atxilotu zituen 32 gazteetatik 28k beren buruen aurka deklaratu zuten atxiloaldian. Ondoren, 28 horietatik hemezortzik epailearen aurrean ukatu zituzten deklarazio horiek, eta 26k, epaiketan bertan.
Espainiako Auzitegi Nazionaleko 3. Instrukzio Epaitegi zentralak agindu zituen atxiloketak, eta Fernando Grande-Marlaska epailea zen haren buru. Larrarte abokatuak azaldu duenez, Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak garai hartan egin zituen atxiloketa inkomunikatu guztiak Grande-Marlaskaren epaitegia guardian zegoen egunetan eta asteetan gertatu ziren.
Maialen Eldua torturatuen ordezkarietako bat horri buruz mintzatu da: «Gu atxilotzeko agindu zuen epaileak berak torturaren izua aurrez aurre ikusi zuen, haren bulegotik pasatu ginelako banan-banan, inkomunikazio aldi gogorra igaro ostean. Beste alde batera begiratu zuen orduan, eta halaxe jarraitzen du orain ere». Grande-Marlaska Espainiako Barne Ministroa da egun.
Larrartek azaldu du Grande-Marlaska bera ezin izan zela epaiketako epaile izan, aurretik instrukzioan eta ikerketan parte hartu zuelako, eta beste hiru epailek egin zutela epaiketa. Atal hark 40 gazteak absolbitu zituen. 2014an eman zuten epaia.
Sententzian, Grande-Marlaskaren epaile kideek baliogabetzat jo zituzten atxiloaldian egin ziren deklarazio guztiak. Eta argudio moduan azaldu zuten Italian eta Ipar Euskal Herrian atxilotuak izan ziren zortzi gazteek ez zutela beren buruen kontrako deklaraziorik egin; aldiz, Euskal Herrian atxilotu zituztenek, bai.
Gainera, adierazi zuten instrukzio epaileak, Grande-Marlaskak, ez zuela «berme materialak ezarri» atxilotuentzat, «nahiz eta atxilotuen tortura salaketak zuzenean ahoz jaso». Erantsi zuten tortura salaketak «nahiko larriak» zirela, kontuan hartzeko modukoak, baina epaileak ez zuela ezer egin.
Larrartek adierazi du Nazio Batuetako Torturen Aurkako batzordeak urteak daramatzala kezkatuta Espainiako torturen auziak direla eta, eta 2023ko abuztuaren 23an egindako azken gomendioak Espainiako Estatuari exijitzen diola luze gabe aplika ditzala nazioarteko erabakiak, eta tortura kasuak lehenbailehen iker ditzala.
«Zauri sendaezinak»
Torregrosak minez hitz egin du: «Biziraun dugu, baina egin ziguten horrek zauri sendaezinak uzten ditu, eta 2026an ere torturak hil egiten du: torturak Iker Aristu hil du». Aristu 2026ko irailaren 6an hil zen.
«Hemen gaur dauden pertsonek asko sufritu behar izan dute polizia etxetik atera ondoren ere», ziurtatu du Iratxe Urizar GEBehatokiko abokatuak. Larrartek ere bide beretik hitz egin du: «Pertsona hauetako batzuek Istanbulgo Protokoloan jasotakoa bete dute [Nazio Batuen Erakundearen protokolo horren bitartez egiaztatu dute torturatu zituztela]; beste batzuek euren torturatzaileak telebistan ikusi dituzte, kalean; instituzio publikoek torturatzaile batzuk aitortu dituzte biktima gisa».
Torturatuen ordezkariek adierazi dute konponbidea eta zigorgabetasuna ezin direla eskutik joan: «Torturatu gintuzten poliziek erabateko zigorgabetasuna izan dute, baita torturak agindu eta posible egin zituzten epaile eta erantzule politikoek ere». Egin zutena aitortzeko exijitu diete, eta adierazi dute ez dutela etsiko: «Herri honetan denok merezi dugu egia eta justizia, salbuespenik gabe».
Urizarrek ziurtatu du tortura horrenbeste urtez posible izan bada «inpunitate estrukturala» izan duelako izan dela. Adierazi du Grande-Marlaska izan zela auzi horretan instrukzio epailea, baina epaileek izandako jarreraren adibide bat baino ez dela: «Beste alde batera begiratzen zuten, ikertzea eragozten zuten, eta, hala, tortura babesten zuten».
GEBehatokiko abokatua Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari mintzatu zaie, eta esan die haien laguntza ezinbestekoa dela «Espainiako Estatuak egindako giza eskubideen urraketa larrien biktimei justizia aitortzeko». Hamazazpi urteren ondoren egia judiziala eskatzeko 29 pertsona horiek izan duten «erresilientzia eta ausardia» azpimarratu du Urizarrek.
Bakearen Usoan elkartu dira gaur goizean, eta horretarako arrazoia argitu du Urizarrek: «Bakea ez da posible elkarbizitza demokratikorik gabe, eta elkarbizitza demokratikoa ez da posible biktima guztien aitortzarik gabe, eta horien barruan daude torturaren biktimak».