Ia hamar urte luze iragan dira Euskaldunon Egunkaria-ren aurkako Guardia Zibilaren operaziotik. Gerora, torturatuak izan zirela eta, salaketak aurkeztu zituzten epaitegietan Martxelo Otamendik, Xabier Oleagak, Txema Auzmendik Xabier Alegriak eta Iñaki Uriak.Otamendik Madrilen jarri zuen salaketa eta beste laurek Gipuzkoako Lurralde auzitegian. Guztiek ere Espainiako Justizia sistemaren aurka egin zuten talka. Azkenean, Otamendiren salaketa baino ez da iritsi Estrasburgoraino. 3.527 egunen ondoren, azkenik, auzitegi batek modu zuzen eta ofizialean Egunkariaauziko torturak ilunpetik argitara atera ditu, eta agerian utzi du sistema judiziala.
«Torturatu egin gaituzte». 2003ko otsailaren 26ko gau hartan, Soto del Realgo espetxetik irten eta berehala hitz haiek esan zizkien Martxelo Otamendik sarreran itxaroten ari zitzaizkion senide, lagun eta lankideei. Ezer esan beharrik gabe ere, nabari zen lur jota zegoela. Beste kasu askotan antzeko eszenak errepikatu izan badira ere, egun hartan Martxelo Otamendik ETBko kameren aurrean kontatu ahal izan zuen bizitakoa, eta herritar askok zuzenean entzun zioten. «Arratoiak bezala tratatu gaituzte».
Berehala, oihartzun handia hartu zuen salaketa publiko hark. Biharamunean, hainbat elkarrizketa eskaini zituen Otamendik, eta orduak eta egunak aurrera egin ahala hark zein beste atxilotu batzuek bizitakoaren xehetasun gehiago jakin ziren. Kontakizun publikoaz gain, salaketak jartzen hasi ziren epaitegietan.
Jose Maria Aznarren gobernuaere urduritu egin zen. Angel Acebes Barne ministroak egun batzuk lehenago Egunkaria-ren itxiera «euskal kulturaren askatasunen eta eskubideen defentsan» izan zela esan zuen. Salaketen aurka, berriz, «ETAren eskuliburuari jarraitzea» egotzi zien torturak salatu zituztenei.
Pauso bat harago joan, eta kereilak aurkeztu zituen 2003ko martxoaren 10ean PPren gobernuak. Egun gutxiren buruan, Guillermo Ruiz Polanco epaileak tramiterako onartu zuen eta martxoaren 25ean deklaratzera deitu zituen akusatuak. Urrian, Auzitegi Nazionalak behin-behinean kereilak artxibatu zituen Madrilgo lurralde auzitegiek tortura salaketen inguruan ebatzi bitartean.
Kereila ez bezala, salaketen tramitea askoz mantsoago joan zen. Otamendik Madrilen jarri zuen salaketa. 2003kourriandeklaratu zuen Otamendik, baina ez zuen Madrilgo epaile instruktorearen aurrean egin, Tolosako epaitegian baizik. Egun haietan etorri zen lehen kolpea: Xabier Alegriaren salaketa artxibatu zuen Madrilgo Lurralde Auzitegiak, ikertzeko diligentzia bakarra egin gabe. Handik hilabete gutxira, itxieraren lehen urteurrenaren bezperan, 2004ko otsailaren 16an Carmen Valcarce epaile instruktoreak bide bera hartu zuen. Otamendi torturatu izanaren «batere zantzu fisikorik» ez zegoela argudiatuta, artxibatu egin zuen auzia.
Rushdie: «Ikaragarria da»
Auzitegietatik kanpo, oihartzuna gero eta handiagoa zen. 2003ko urrian, Theo Van Boven Nazio Batuetako torturari buruzko kontalaria izan zen Euskal Herrian eta Otamendi, Torrealdai eta Auzmendirekin bildu zen. 2004ko apirilean Bartzelonan, Nazioarteko PEN elkartearen konferentzian, Salman Rushdie idazleak «ikaragarritzat» jo zuen Otamendiren lekukotza: «Bizitakoa toki ugaritan zabaltzeko abagunea duen zuzendariari halakoak egin badizkiote, zer ez diote egingo gaitasun hori ez duenari?». Amnesty Internationalek 2004ko giza eskubideen txostenean aipatu zuen kasua.
Gainerako salaketetan ere aurrekoa errepikatu zen. Gipuzkoako lurralde auzitegia inhibitu egin zen Xabier Oleaga eta Txema Auzmendiren tortura salaketatan eta Madrilgo epaitegien esku uztea deliberatu zuen.
Salbuespen bakarra egon zen. 2007an, Nekane Rodriguez Donostiako instrukzio epaileak Iñaki Uriaren salaketa aintzat hartu eta atxiloketan parte hartu zuten bi guardia zibil zein inkomunikazio aldiko instruktorea eta idazkaria inputatu zituen. Alabaina, Gipuzkoako lurralde auzitegiak fiskalaren eta guardia zibilen errekurtsoa aintzat hartu eta Madrilera igorri zuen auzia. Madrilen, Carlos Vaquero Madrilgo Instrukzio epaitegiko epaileak artxibatu zuen betiko, 2008ko uztailean.
Otamendik eta Oleagak aurrera jarraitu zuten, eta Espainiako auzibide guztia baliatu zuten, Konstituzionaleraino. Ondoren, Martxelo Otamendik 2008an Estrasburgoko auzitegira jo zuen.
Nahiz eta, epaileek salaketa guztiak artxibatu, Egunkaria auziko epaiketan zein azken epaian toki garrantzitsua hartu zuen torturen kontakizunak. Adibidez, Xabier Oleagaren testigantza sinesgarritzat jo zen epaian. Epaiak zioenez, epaimahaiak ezin izan zuen «ondorio juridiko penalik izango duen konklusiorik egin», bain0a egiaztatu zuen ez zela behar bezala kontrolatu judizialki inkomunikazio aldia.
Tortura. Estrasburgoko Auzitegiaren epaia
Tortura, ilunpetik argitara
«Torturatu egin gaituzte». Kameren aurrean salaketa egin zuenetik ia hamar urte igaro dira, eta Estrasburgok aitortu du azkenik ez zela behar bezala ikertu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu