Tourra pasatzen den errepideak lau orduz egongo dira itxita

Josu Bujanda Ertzaintzaren buruak espero du ertzainak «konpromisoz eta profesionaltasunez» arituko direla.

Tourraren prestaketa lanak, Donostian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Irati Urdalleta Lete.
2023ko ekainaren 27a
11:50
Entzun

Egun gutxi falta dira Frantziako Tourra Euskal Herritik igarotzeko. Gozamena izango da zenbaitentzat, baina gorabeherak ere espero dituzte errepideetan. Gaur goizean, Euskadi Irratian horien inguruko xehetasunak eman ditu Josu Bujandak, Ertzaintzaren buruak. Azaldu duenez, txirrindulari proba pasatuko den errepideak lau orduan edo lau ordu eta laurdenean egongo dira itxita.

Bujadak aitortu du: Tourra «erronka handia» izan da Ertzaintzarentzat. Egunero 1.500-1.700 ertzain arituko dira lanean. Halere, espero dituzte zailtasunak. Uste du egun txarrena larunbata izango dela Bizkaia aldean, eta astelehena Irun inguruan (Gipuzkoa): «Horiek izango dira puntu larrienak, segur aski». Astelehena laneguna izango da, baina ez dute aparteko baimenik emango lanera joateko. «Segur aski astelehenean lantegietara sartzeko ez dute arazorik edukiko, baina eguerdi aldean leku askotan arazoak edukiko dituzte», azaldu du.

Izan ere, errepideak txirrindulariak abiatu baino hiru bat ordu lehenago itxiko dituzte, eta, guztira, lau orduan edo lau ordu eta laurdenean egongo dira itxita: «Lau ordu eta laurden horietan ezingo da bide horretara sartu. Larrialdi kasuetan soilik sartu ahal izango da. Horretarako, 166 puntu edukiko ditugu».

Herri batzuk erditik zatituko ditu lasterketak. Oinezkoek pasatzeko modurik izango al dute? Leku batzuk egongo dira, eta ertzainak edo udaltzainak egongo dira hori zuzentzeko. Halere, Bujandak gomendatu du ez egitea, 600 motor eta kotxe pasatuko direlako, eta, hortaz, «oso arriskutsua» izango delako.

Gainera, Tourreko egunetan oporretako irteera ere izango da. Bujandak hiru gomendio eman ditu: bidaiak aurretik planifikatzea, informazioa edukitzea eta garraio publikoa erabiltzea.

Gatazkaren eraginak

Ertzainen artean azkenaldian dagoen gatazka ere izan du hizpide Bujandak. Esan du espero duela akordio bat lortzea, eta «borondatea» behar dela horretarako. Halere, uste du ertzainek Tourrean «konpromisoz eta profesionaltasunez» jokatuko dutela Tourrean.

Bitartean, ertzainek protestan jarraitzen dute. Gaur goizean, ERNE, Esan, Euspel eta Sipe sindikatuek deituta, manifestazioa egin dute Gasteizen, Urkullu: Ertzaintza, konponbidea lelopean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.