Trantsizio Energetikorako Legea onartu dute Eusko Legebiltzarrean

EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk adostu dute testua, helburutzat hartuta 2050erako klima neutraltasuna lortzea.

Trantsizio Energetikorako eta Klima Aldaketarako Legearen eztabaida gaur, Eusko Legebiltzarrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari Buruzko Legearen eztabaida, gaur, Eusko Legebiltzarrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko otsailaren 08a
12:40
Entzun

EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk akordioa lortuta, gaur onartu dute Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari Buruzko Legea Eusko Legebiltzarrean. Elkarrekin Podemos-IUk, PPk, Vox-ek eta C’s-ek kontra bozkatu dute. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapenerako sailburuak hartu du hitza lehenik, eta onartutako legeak ondorengo belaunaldiei «mesede» eginen diela azpimarratu. Adierazi du lanketa «sakon» baten ondorioa dela, eta guztiek jarrera «eraikitzailea eta malgua» izan dutela. Izan ere, inork ez zuen osoko zuzenketarik aurkeztu, eta, beraz, arauak badu «guztien erraztasun keinu» bat.

Testu berriaren helburua da 2050erako klima neutraltasuna lortzea, eta Tapiak azaldu du horretarako xede zehatzak finkatu dituztela: 2030erako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako energiaren %32 iturri berriztagarrietatik jaso beharko da; energia berriztagarrien parkeak jartzen dituzten enpresek kanonak ordaindu beharko dituzte; Eusko Jaurlaritzak, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) bitartez, 2030erako amaitu beharko du erregai fosilen desinbertsioa; eta batzorde <ientifiko bat eta Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Euskal Bulegoa sortuko dituzte.

PSE-EE taldeko Alberto Alonsok azpimarratu du gizartea «klima larrialdiari» aurre egin beharrean dagoela, eta ez dagoela «atzera-bueltarik». Erran du onartutako legeak «justizia klimatikoa» duela oinarri, eta «harro» daudela arau hori sustatu duen taldeko kide izateaz. «Lege hau etorkizunerako konpromiso bat da, eta ordua da alderdi bakoitzak bere konpromisoa zein den erakusteko». Unai Grajales (EAJ) ere atzera mintzatu da: «Klima aldaketa munduan dauden arazoen artean larrienetakoa da; beraz, lege hau behar-beharrezkoa da». Hala ere, gogoratu du legea «prozesu» bat dela, eta ez «proiektu» bat. Hortaz, poliki-poliki egin beharrekotzat jo du, betiere kontuan izanda ez dagoela egoera konpontzeko «irtenbide absoluturik».

EH Bildu izan da legea babestu duen hirugarren alderdia. Mikel Otero legebiltzarkideak adierazi duenez, proiektua aurkeztu zenean legea «ez zen ona», baina orain bai. Dena den, nabarmendu du ez dela nahikoa. Koalizioarendako, klima larrialdiari aurre egitea «hil ala biziko kontua» da, eta kontuan izanda gaur egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kontsumitzen den energiaren %90 kanpotik etorria dela, «eraldaketa handiak» beharko dira. «Lege bat ez da aski, baina bai ezinbesteko», borobildu du.

Elkarrekin Podemos-IUk zorrotz kritikatu du akordioa. David Soto legebiltzarkideak adierazi du legeak hutsuneak dauzkala, eremu babestuetan azpiegiturak eraikitzeko debekuari eta 2030 bitarte garraio publikoko deskontuei eusteari dagokienez. Sotoren erranetan, kanonak ordaindu behar izatea proiektu jakin batzuen eraikuntza «zuritzeko» modua bertzerik ez da. Gainera, Elkarrekin Podemos-IUrekin negoziatzeko borondaterik ez izatea egotzi die taldeei. Izan ere, EP-IUk aurkeztutako 116 zuzenketetatik bakarra onartu dute. «Ez dugu bat egiten testuarekin, ez dugu bat egiten gure zuzenketak ez onartzearekin», borobildu du.

Lege proiektua iazko maiatzean onartu zuten Eusko Legebiltzarrean, helburutzat hartuta 2050erako klima neutraltasuna lortzea. Geroztik, ia urtebeteko tramitazioa egin du arauak legebiltzarrean, eta, eragileen ekarpenak jasotzeaz gain, alderdiek zuzenketak aurkeztu dizkiote egitasmoari. Oposizioko taldeek gabeziak atzeman zizkioten legeari, eta bide horretan aurkeztu zizkioten zuzenketak. Baina tramitazioan agerian geratu da adostasunerako tartea bazela, talde batek ere ez baitu osoko zuzenketarik aurkeztu. Osoko zuzenketarik ez, baina partzial ugari jarri zizkioten: EH Bilduk, 115; Elkarrekin Podemos-IUk, 116; PPk, 50, eta C’s-ek, bederatzi. EAJk eta PSEk ere zuzenketak aurkeztu zizkioten testuari: 117 denera.

Ekologistak, kritiko

Euskal Herria Bizirik plataformak, berriz, gogor kritikatu du onartu berri den legea, eta araua adostu duten hiru alderdiek klima larrialdia beharrean, «hazkunde ekonomikoa lehenetsi» dutela diote. «Lege honek, teorian deskarbonizazio prozesua aurrera eraman ahal izateko baldintzak sortzea du helburu, hau da behintzat alderdi politikoen ahotan dagoena. Baina arretaz irakurriz gero, nabarmena da zer den lege honek ezkutatzen duena: energia berriztagarrien industriaren hedapen ahalik eta masiboena ematea, modu honetan hazkuntza ekonomikoari bultzada handi bat emateko», argudiatu dute.

Gogoratu dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eragina izanen duen legea ez dela berria, «oso antzekoak» direnak martxan daudelako bertze hainbat lurraldetan. Nafarroa jarri dute adibide modura, Sustrai erakuntza fundazioak zabaldutako datuek hala erakusten dutela argudiatuta: «Azken urteetan energia kontsumoak eta emisioek gora egin dute Nafarroa Garaian; nahiz eta bertan eman den berriztagarrien zabalpena oso handia izan, horrek ez du lurraldearen deskarbonizazioa ekarri, kontrara berriztagarrien zabalpen industrialak emisioak igotzea eragin du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.