Trantsizio Energetikorako Legerako akordioaren gakoak

TRANTSIZIO ENERGETIKOAREN LEGEA
Mikel Otero (EH Bildu), Unai Grajales (EAJ) eta Alberto Alonso (PSE-EE), gaur, Eusko Legebiltzarrean, akordioa aurkezten. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko urtarrilaren 19a
16:30
Entzun

Trantsizio energetikoaren eta klima aldaketaren lege proposamenak zenbait aldaketa jasoko ditu, EAJ, EH Bildu eta PSE-EEren arteko negoziazioen ondorioz. Hona akordioaren gakoak, atalka laburbilduta.

Helburu zehatzak

Lege proposamenaren hasierako testuak 2050erako karbono neutraltasuna lortzeko helburua jasotzen du, baina akordioak beste arlo batzuetako helburuak ere zehaztu ditu, eta, mende erdirako xedeen aurretik, baita tarteko helburu batzuk ere. Berotegi gasen kasuan, 2030erako isuriak %33 murriztea —1990eko datuen aldean—; energia eraginkortasunaren arloan, kontsumoa %12 gutxitzea 2030erako  —2021eko datuen aldean—, eta %37 mende erdirako. Hiru alderdiek adostu dute, halaber, energia berriztagarriek azken kontsumoari egingo dioten ekarpena %32koa izatea 2030ean, eta %97koa 2050erako. Taldeek irekita utzi dute helburu horiek berrikusteko aukera, eta anbizio handiagokoak ezartzekoa.

Gobernantza

Lege proposamenak jasotzen dituen xedeak betetzeko, zenbait organo eratzea aurreikusten zen hasierako testuan. Besteak beste, Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Bulegoa. Organo hori Jaurlaritzari atxikitako erakunde tekniko bat izango da, eta haren zeregina izango da legeak ezarritako helburuen jarraipena eta berotegi gasen emisioen aurreikuspenak egitea.

Proposamenean zehaztua zuten Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Batzorde bat eratzea ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakunde publikoen jarduna koordinatzeko legeari dagokion alorrean. Batzordeak egin beharko ditu administrazioaren energia trantsiziorako eta politika klimatikoetarako plangintzen egokitasuna baieztatzeko edo ukatzeko txostenak.

Organo horiek eratzeari ez ezik, negoziazioek bide emango diote batzorde zientifiko bat sortzeari eta Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Herritarren Batzarrari ere. Batzorde zientifikoak jakintza zientifikoa eskainiko die erakundeei, plangintzak ondu ditzaten. Batzarra, berriz, «hausnarketa eta ezagutza kolektiboa sortzeko foroa» izango da, klima aldaketarekin lotutako politikak eztabaidatzeko eta adosteko gunea, eta «gizarte eragile esanguratsuenen parte hartzea» sustatuko du. Bestalde, legeak jasotako helburuei buruzko itun sozial bat bultzatuko du Jaurlaritzak, parte hartzeko prozesu baten bidez.

Finantzaketa

Akordioaren arabera, legeak bermatuko du Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) aurrekontuen gutxienez %2,5 klima ekintzetarako baliatzea. Energia berriztagarrien azpiegituretarako kanon bat ere adostu dute. Parke eolikoek eta fotovoltaikoek potentziaren arabera ordainduko dute zerga hori, eta azpiegitura horiek zuzenean edo zeharka eragindako udalerritarako izango da bildutako dirua, zenbait eremuri kalte egin izana konpentsatzeko.

Kanona bost megawatt baino gehiagoko instalazioek ordaindu beharko dute, 2025etik aurrera. Eguzki energiari dagokionez, instalazioak hartutako hektarea kopuruaren arabera kalkulatuko da ordaindu beharrekoa —700 euro hektareako—. Eolikoei dagokienez, potentziaren eta haize erroten kopuruaren menpe egongo da —haize errota bakoitzeko, 3.000-5.000 euro—. Gainera, ekimen pribatuko edo publikoko instalazio bat martxan jarri nahi duenak jabetzaren % 20 eskaini beharko die gutxienez proiektuak eragindako eremuko herritarrei eta enpresei.

Bestalde, Jaurlaritzak Gizarte Funts Klimatikoa eratuko du, klima aldaketaren ondorioak arintzea eta hari egokitzea helburu duten neurriak sustatzeko, baita bidezko energia trantsizioa bultzatzeko ere.

Energia fosilen desinbertsioa

Erregai fosilak baztertuz joateko neurri sorta bat ere jasoko du lege proposamenak. Horien artean, EAEko administrazioak 2030. urterako bertan behera utzi beharko du hidrokarburoen esplorazioarekin eta ustiapenarekin lotutako inbertsio publiko oro, eta neurri bera hartu beharko du argindarra ekoizteko erregai fosiletan oinarritzen diren azpiegiturekin ere. Desinbertsio horren ondorioz eskuragarri izango dituen baliabide ekonomikoak EEE Energiaren Euskal Erakundera bideratu beharko ditu, energia berriztagarrietan inbertitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.