Trebiñu Arabari batzeari buruzko galdeketa egitea babestu du EH Bilduk

Mikel Oterok esan du enklabearen egoera «irrazionala» ezin dela gehiago luzatu. Otegik Euskaldunako langile Pablo Gonzalez hartu du gogoan.

Mikel Oterok Argantzonen egin du hauteskunde ekitaldia, gaur goizean. EH BILDU
Mikel Oterok Argantzonen egin du hauteskunde ekitaldia, gaur goizean. EH BILDU
aitor biain
2026ko azaroaren 23a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Trebiñuko auzia trebiñarrei hitza emanda soilik konponduko dela gogorarazi du gaur EH Bilduk. Argantzonen egin du goizeko hauteskunde ekitaldia, eta bertan Mikel Otero Arabako zerrendaburuak adierazi du ezin dela gehiago luzatu enklabeak bizi duen egoera «irrazionala». Horiek horrela, agindu du koalizioa subiranistak Trebiñu Arabara batzeari buruzko herri galdeketa bat eskatuko duela Madrilen.

Oterok txalotu egin ditu helburu hori lortzeko azken hilabeteetan egin diren ahaleginak, Trebiñuren integraziorako mahaiak Konderriko udalei proposatutako mozioa kasurako. Mozioen helburua da Espainiako Ministroen Kontseiluari herri kontsulta bat egiteko eskatzea.

Izan ere, EH Bilduren irudiko, hori da korapilo administratiboa askatzeko modu bakarra: herriari hitza ematea. Hori dela eta, hitzeman du EH Bilduk lan egingo duela Madrilen helburu hori lortzeko. «Zentzuzkoa delako, eta zuzena delako», esan du Oterok. «Guretzat argi dago: Trebiñu Araba da, eta kito».

Langileen mugimenduaren garrantzia

Koalizio subiranistak Bilbon ere egin du ekitaldia goizean; Arnaldo Otegi EH Bilduren idazkari nagusia askotariko ordezkari sindikalekin elkartu da, tartean Euskalduna ontziola izan zeneko ordezkariekin. Izan ere, gaur dira 42 urte Pablo Gonzalez Larrazabal hil zela; 1984an hil zen, bihotzekoak jota, Espainiako Polizia Euskalduna ontziolako langileen kontra oldartu zenean.

Otegik haren memoria goratu du ekitaldian, eta gogora ekarri du Euskalduna eta Euskal Herria ez ezik, langileria eta etorkizun industrial bat defendatzeagatik hil zutela. Hain justu ere, langile mugimenduak Euskal Herrian eta, nagusiki, Bizkaian duen garrantzia nabarmendu du Otegik, eta ohartarazi du indar hori baliatuko duela datorren igandean «bloke erreakzionarioa geldiarazteko».

«Euskal langileen mugimenduak hilaren 29an ez du dadoekin jokatuko, ez du bere burua engainatzen utziko, ez du anbiguotasunean jokatuko», azpimarratu du EH Bilduren buruzagiak, eta hitzeman du mugimendu hori, beste askorekin batera, giltzarri izango dela eskuin-eskuin muturraren blokea agintera hel dadin eragozteko. Izan ere, ziurtatu du igandean «langileen, sindikalisten, feministen, independentisten eta subiranisten botoekin» beteko direla hautetsontziak.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA