Trebiñu Araban integratzearen auziari konponbidea emateko saiakerekin segituz, erakunde eta alderdiekin bilerak egingo dituela jakinarazi du gaur Trebiñuko Enklabea Araban Integratzeko Mahaiak. Gaztela eta Leongo eta EAEko erakundeekin bilduko dira, baita Araban eta Burgosen ordezkaritza duten alderdi nagusiekin ere, Voxekin izan ezik. Bilera eskaerak aste honetan bidali dituztela jakinarazi dute mahaikoek, eta erantzunen zain daude oraindik.
Iragan den urtean sortu zen mahai hori, eta Trebiñuko bi udalerrietako (Argantzon eta Trebiñu) integrazioaren aldeko hautetsiek osatzen dute: EAJ, EH Bildu eta Agrupacion Independente Condado de Treviño udal taldeetako hautetsiek, hain zuzen ere. PP da Trebiñun ordezkaritza izan, baina mahaitik kanpo geratzea aukeratu zuen alderdi bakarra. Trebiñuko udalean ordezkaritza duen Treviño Dia a Dia plataforma independenteak ere ez du mahaiarekin bat egin.
Trebiñuko auziari «beste bultzada bat» emateko asmoz sortu zen mahaia, eta, helburu hori hartuta, «inplikaturiko erakunde guztiekin» bilerak egingo dituztela adierazi dute. Gaztela eta Leoni dagokionez, erkidego horretako Junta eta Burgosko Diputazioa dira inplikaturikoak, azken probintzia horren parte baita ofizialki Trebiñu. EAEri dagokionez, berriz, Arabako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin biltzekoak dira mahaikoak. Azkenik, Espainiako Gobernuari ere biltzeko eskaera egin diotela adierazi dute.
Erakundeekin ez ezik, aipaturiko bi lurraldeetan ordezkaritza duten alderdi nagusiekin biltzeko asmoa ere agertu du mahaiak. Biltzeko eskaera egin diete EAJri, EH Bilduri, PPri, PSOEri, Ahal Dugu-ri eta Sumarri. Azken lau alderdi horiek Burgosko eta Arabako atalekin bilera bat egiteko eskatu dute. Hortaz, orotara hamar bilera egingo dituzte alderdiekin. Vox da bilera sortatik kanpo geratu den alderdi bakarra.
Aipaturiko erakunde eta alderdiek aurkako jarrerak adierazi dituzte sarri Trebiñuren auzian. Esate baterako, Arabako Foru Aldundiak eta lurraldeko Batzar Nagusiek sarri adierazi dute Trebiñu Araban integratzearen aldeko iritzia, eta beste horrenbeste egin dute Eusko Jaurlaritzako kideek ere. Gaztela eta Leongo Junta eta Burgosko Diputazioa, berriz, aurka agertu dira, eta haien oniritzia behar du prozesuak aurrera egiteko, gaur egungo legediaren arabera. Alderdiei dagokienez ere, EAJ eta EH Bildu, Ahal Dugu eta Sumar integrazioaren aldekoak izan dira. PPk, berriz, ez du aldarrikapen horrekin bat egiten, mahaiarekin bat ez egiteko erabakiak erakusten duen legez.
PSOEren kasuan, egoera are konplexuagoa da: alderdi horren EAEko adarrak, PSE-EEk, Trebiñuk Arabarekin bat egitearen aldeko egitasmoei oniritzia eman izan die Arabako Batzar Nagusietan, eta, duela gutxi, Angel Victor Torres Lurralde Politikarako Espainiako ministroak, PSOEkoa bera, iradoki zuen Trebiñuren bat egiteari buruzko galdeketa egitea «juridikoki posible» dela. Burgosko PSOE, aldiz, integrazioaren erabat aurkakoa da, eta, horren erakusgarri, egun horretan bertan gezurtatu zituen alderdi horren Gaztela eta Leongo idazkari nagusiak, Carlos Martinezek, ministroaren adierazpenak, «Trebiñu Burgos da, eta hala izango da» esanez.