Astelehena da. Egunero bezala, Dorik —ez du abizena eman nahi izan— trena hartu du goizean, lanera joateko. Tolosan (Gipuzkoa) igo da trenera, eta Ategorrietako (Donostia) geltokian jaitsi: «Gaur trena inoiz baino puntualago iritsi da», azaldu du ironiaz irribarre eginda. Izan ere, greba eguna izan da gaurkoa Renfeko langileentzat: berez, sindikatuek hiru eguneko grebara deituak zituzten gaurko, biharko eta etziko, baina egun bakarreko greba izango da azkenean, deialdia bertan behera utzi dutelako. Gaurkoan, Bilboko eta Donostiako aldiriko bost lineari eragin die grebak, baita Arabako lautadatik igarotzen den zerbitzuari ere.
Hain zuzen, Gipuzkoako C-1 Irun-Brinkola linea da Dorik egunero erabiltzen duena. Tolosatik Irunera (Gipuzkoa) bidean trena ez doa beteta: pertsona bakarra dago zutik, beste guztiak eserita joateko tokia daukate. Aurrean dauzkate motxilak edo karpetak, lanera edo ikastetxera doazen seinale. Lanuzteak planak aldatuko dizkio Doriri: «Etxera itzultzeko zailago izango dut, baina autobusak badaudenez, autobusean itzuliko naiz».
Mikelek —izen asmatua da, ez baitu bere benetako izena esan nahi izan— ere egunero hartzen du tren hori lanera joateko. «Zortea» izan duela uste du, lanetik etxera itzultzeko trena ere betiko orduan irtengo delako. Hala ere, ez da fio: «Agian lankide batekin itzuliko naiz autoan etxera». Azkenaldian aldirietako trenen zerbitzuari lotuta beste kexa bat badu Mikelek: «Trenean sartu baino lehen begiratu dut zenbat tren zeuden, baina gaur Adifeko aplikazioan ez zen azaltzen trena zer ordutan iritsiko zen».
Donostian jaitsi da trenean zegoen jendearen erdia. Madrildik etorri diren bi turista geratu dira trenean: Luisa eta Jorge. Haiek ere ez dute beren benetako izenak eman nahi izan. «Nik ez nekien gaur grebarik zegoenik», azaldu du Jorgek. Irunera joateko hartu dute trena, gaur zerbitzu gutxiago egongo zirela jakin gabe. «Igandean trenerako txartela erosi nuenean, langileek ez ziguten esan greba zegoenik».
«Trenean sartu baino lehen begiratu dut zenbat tren zeuden, baina gaur Adifeko aplikazioan ez zen azaltzen trena zer ordutan iritsiko zen»
MIKELÂ Tren erabiltzailea
Trena erdi hutsik iritsi da Irunera, 10:12an, puntual. Berez, 10:17an atera beharko litzateke hurrengo trena, baina, grebaren ondorioz, 11:17an irtengo da hurrengoa. Erabiltzaile guztiek ez zuten horren berri: Irungo geltoki berriko aulkietan eserita dago Rosa Mari Cantalapiedra, liburu bat irakurtzen: «10:17an ateratzekoa zen trena hartu nahi nuen, eta geltokira iritsi naizenean pentsatu dut trena galdu nuela. Baina esan didate greba zegoela eta ordu horretako trena ez dela aterako».Â
Zumarragaraino doa trenean. «Pixka bat haserre» dagoela onartu du, baina nahiago du umorez hartu, «ez duelako merezi» haserretzea. «12:30ean iristeko intentzioa nuen, baina askoz ere beranduago iritsiko naiz. Gainera, lehen Irundik Zumarragara joateko ordu eta erdi behar zuen; orain, aldiz, bi ordu behar ditu», gehitu du.
Trena puntual irten da Irundik, baina oso jende gutxi doa barruan. Gehiena jende heldua da. Batzuk mugikorrari begira daude, beste batzuk entzungailuak jarrita dituzte belarrietan, beste batzuk paisaiari so daude… Fernando Gutierrez, ordea, paper batzuei begira dago. Donostiara doa, izapide batzuk egin behar dituelako, eta gainean daramatzan paperak begiratzen ari da.
Gutierrezek, Dorik bezala, zortea izan du joaneko trenean, baina ez itzulikoan: «Renfeko aplikazioan ordutegiak ikusi ditut». Hala ere, ez du uste grebaren inguruko informazio nahikoa eman dutenik: «Pertsona heldu askok ez daukate Adifeko aplikazioa».
Ikastetxetik lehenago irtenda
Trena pixka bat bete da Donostiara iritsi baino lehen, baina aulkien erdiak hutsik daude oraindik. Bi nerabe etxera itzultzen ari dira, mugikorrari begira: Mikel Arratibel eta Unai Rivero. Haiek ez dute inoiz hartu tren hori, baina ikastetxetik lehenago ateratzen utzi diete, haiek 14:30ean hartu ohi duten trena ez baita aterako.
«Ikastetxera joan gara azterketa bat egitera, eta lehenago irteten utzi digute», azaldu dute nerabeek. Bazekiten Renfeko langileak grebara deituta zeudela, baina, Mikeli gertatu zaion bezala, ezin izan dituzte ordutegiak ikusi Adifen aplikazioan: «Dena beltza agertzen zitzaigun, ezin genituen ordutegiak ikusi». Gainera, goizeko trena «pixka bat berandu» iritsi dela adierazi dute.
Donostian eta Andoainen institututik ateratako gazteak sartu dira. Horietako bat da Aratz Elorri, eta lanera doa. Grebak bete-betean eragin die bere ohiko ordutegiei: «Normalean Andoaindik 13:00etan pasatzen den trena hartzen dut, baina gaur ez da pasako tren hori». Hori dela eta, ordu bat lehenago pasa den trena hartu behar izan du Elorrik lanera iristeko. Irribarre gutxi daude trenean, eta etsipena nabari da erabiltzaileengan.