Trenaren maiztasunak handitzeko lanetan ari dira Errenterian eta Usurbilen

Euskal Trenbide Sarea tunel bat eraikitzen ari da Altzolan eta trenbidea bikoizten Itziarren.

Susana Garcia Chueca sailburua, Altzolako tunelaren lanak bisitatzen. IREKIA
Susana Garcia Chueca sailburua, Altzolako tunelaren lanak bisitatzen. IREKIA
Julen Ugartemendia Carcedo
2026ko azaroaren 20a
18:31
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostiako pasabide berriaren irekierarekin ez dira Topoaren inguruko lanak bukatu. Gipuzkoako bere sarean maiztasuna handitzea da Euskotrenen helburua, eta horretarako trenbidea bikoizteko eta lurrazpira pasatzeko beste lan batzuk martxan dira.  

Errenterian, Galtzaraborda auzoko trenbidea estaltzeko obrak egiten ari dira gaur egun. Hori bukatu ondoren, herriaren erdiguneko geltokian ere lan egingo dute, oinezkoek eta autoek trenbidea zeharkatu behar ez izateko. Behin lan horiek bukatuta, Topoa 7,5 minutuan behin igaroko da herritik.

Usurbilen, berriz, Aginaga auzoan bi norabide izango dituen 1,3 kilometro luzeko tunel bat eraikitzen ari dira, gaur egungo ibilbidea laburtzeko eta trenbidea bikoizteko. Horri esker, Zarautz eta Donostia arteko maiztasunak 30 minututik hamabost minutura igaro ahal izango dira. Usurbilgo geltokia aurten berritu dute.

Elgoibarren ere ETS lanean ari da, Altzola auzoan zehazki. Bostehun metro luzeko tunel bat izango da bertan, eta martxan jartzen dutenean egungo ibilbidea laburtuko du, bidaiaren denbora murriztuko du, eta segurtasuna hobetuko du. Itziarren ere trenbidea bikoizten ari dira. 

Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburu Susana Garcia Chuecak azaldu du maiztasunak hobetzeko hainbat tren gurutzatzea ahalbidetzen duen sarea behar dutela. «Horrek inbertsio ekonomiko handia dakar, eta Gipuzkoan horretan ari gara». 

Donostian bertan lanak ez dira erabat bukatu. Amarako geltokia lurrazpira pasatzeak 21.000 metro koadro libre utziko ditu, eta inguru horretan, besteak beste, 480 etxebizitza eta kiroldegi bat egiteko asmoa daukate. Gainera, Artzain Onaren katedralaren parean, San Martin kalea oinezkoentzat soilik izateko lanak egingo dituzte.

    Kazetaritza etikoaren arabera sortua

    Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

    Iruzkinak
    Ez dago iruzkinik

    Ordenatu
    0/500
    Interesgarria izango zaizu
    Nabarmenduak
    Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA