Pradales, Trumpen hitzen ostean: «Oso garbi dago ezagutu dugun mundua erabat aldatu dela»

Trumpek esandakoen ostean, mundua «beste fase batean» sartu dela esan du. Uste du Groenlandia dela orain Europako Batasuna gehien kezkatzen duen afera.

Ezkerrean Jens Stoltenberg, NATOko idazkari nagusi ohia, eta eskuinean Imanol Pradales, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. IREKIA
Ezkerrean Jens Stoltenberg, NATOko idazkari nagusi ohia, eta eskuinean Imanol Pradales, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. IREKIA
inaut matauko rada
2026ko urtarrilaren 21a
19:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Geopolitikaz gehiago hitz egiten ari dira ekonomiaz baino aurtengo Davosko Foroan, urtero Munduko Ekonomia Foroak Davosen (Suitza) antolatzen duen hizketaldian. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria han da, eta Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak gaur Groenlandiari buruz egin dituen adierazpenak arbuiatu ditu. Esan duenez, mundua «beste fase batean sartu da»: «Oso garbi dago ezagutu dugun mundua erabat aldatu dela».

Eguerdian, Trumpen hitzartzearen aurretik, Pradalesek azaldu du «urduritasuna» nagusi zela, eta denak horren zain zeudela. Bada, AEBetako presidenteak esandakoak eta gero, Trumpi «arauak aldatzea» egotzi dio lehendakariak: «Orain nabigatzen ikasi behar dugu mundu berri honetan». Europa salgai ez dagoela ere aipatu du Pradalesek, baina handik gutxira Trumpek, bere sare sozialean, azaldu du akordio batera iritsi dela Mark Rutterekin, NATOko idazkari nagusiarekin, Groenlandiari buruzko negoziazioak egiteko marko bat sortzeko.

Halaber, egoera honek europarrak «batzeko» eta berriro eragile global bat izateko balio behar duela esan du Pradalesek: «Ekimenetik abiatuta, geure buruaren jabe izateko, geure burua defendatzeko gaitasuna garatzea beharrezkoa da. Eta horrek esan nahi du, besteak beste, aliatuak bilatu behar ditugula. Europa ez dago munduan bakarrik».

Egoerak munduan leku bat hartzea eskatzen duela ere nabarmendu du, bestela Europako Batasuneko herrialdeen eredua kolokan egongo delako; eta ez hori bakarrik: aldaketarik ez badago EB menpeko izango dela ere esan du Pradalesek. AEBekin harremanak etetearen eta zigorrak jartzearen inguruan galdetuta, lehendakariak erantzun du pentsatu beharreko zerbait dela.

Besteak beste Jens Stoltenbergekin izan da Pradales, 2024ra arte NATO erakundeko idazkari nagusia izan zenarekin; gaur egun Norvegiako Finantza ministroa da. Stoltenbergekin hitz egin ostean, eta Trumpen hitzak entzun aurretik, erabat ados daudela azaldu du Pradalesek: «Zeharo onartezina da Europako Batasuneko kide den herrialde baten parte bat indarrez hartzeko erabakia; demokrata gisa, ezin dugu halakorik onartu. Hala ere, ez dugu uste AEBetan Trumpi horren erraz utziko diotenik halako zerbait egiten».

Jardunaldi asko

Kamera guztiak Trumpi begira badaude ere, lehendakariak nabarmendu du egonaldi emankorra izaten ari dela Davoskoa. Flandriako presidente Bart de Weverrekin bilera bat egin du Pradalesek, eta industrian zentratutako kolaborazio lerroak garatzeko aukerak aztertu dituzte. Jasangarritasunari eta klima aldaketaren kontrako ekintzei buruzko eztabaidetan ere parte hartu du, besteak beste Bill Gatesekin.

Horrez gain, eta jakinda datorren urteko Davosko Foroa kuantikaren inguruan ardaztuko dela, nabarmendu du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa Europako lehen mailan daudela sektore horretan, bereziki AEBetako IBM enpresak 2025eko urrian Donostian jarri zuelako bere ordenagailu kuantikoa, Europan duen lehena. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.