Lagun eta alderdikide izan zuen Santos Cerdan ez du aipatu, baina haren itzala nabaritu da Maria Txibiteren urte amaierako diskurtsoan. Nafarroako Gobernuko lehendakariak adierazi du etika faltak, ustelkeriak eta arlo publikoaren erabilera publikoak kalte egiten diotela sistemari. «Horrek min egiten dit, eta kezkatu egiten nau», aipatu du, eta gaineratu: «Demokrazia defenditzeko modurik hoberena zera da, legea urratzen dutenekin irmo jokatzea eta sistema sendotzea».
Bost minutu eta erdi irauten du Txibitek urte berri ona opatzeko plazaratutako bideoak, eta Nafarroak Gobernuaren Youtubeko kanalean ikus daiteke. Gazteleraz mintzatu bada ere, euskarazko hiru esaldi tartekatu ditu, hasierako eta amaierako agurraz gainera. Lehenik, Nafarroako Jauregiaren kanpoaldeko irudi batzuk ageri dira; gero, areto baten barrualdea, eta hantxe egin du diskurtsoa, zutik. Bideoan, arrosa gorriak eta Nafarroako bandera ikus daitezke. Argazki ofizialean, berriz, Espainiako eta Europako banderak ere ageri dira.
Urte zaila utziko du atzean. Guardia Zibilak ekainean kaleratutako txosten batean, Santos Cerdan PSOEko Antolamendu idazkariari legez kanpoko komisioak kobratzea aurpegiratu zioten, eta adierazi Nafarroan hasi zela ustelkeria sarean parte hartu zutenen harremana. Akusazio hori ikusirik, gobernuak dar-dar egin zuen, eskuineko oposizioak ustelkeria leporatu ziolako. Gobernuko bazkideen arteko konfiantza urratu ez bada ere, oposizioaren jarrerari egin dio erreferentzia, zeharka. «Nafarroaren izen ona ez dute zikinduko hartaz baliatzen direnek. Nafarroaren irudi ona defendituko dut».
«Badakit [gazteok] garai zailak bizi dituzuela, baina ez zaitezte aldendu politikatik, politikaren bidez baino ezin baita hobetu egoera»
MARIA TXIBITE Nafarroako Gobernuko lehendakaria
Alde onari ere begiratu nahi izan dio. Eguberrietako oporraldia hasi aurretik, 2026ko aurrekontuak eta zerga neurriak onartu zituzten Nafarroako Parlamentuan. «Nire agintaldiko zazpigarrenak izango dira, eta, zerga neurriei esker, nafarren %70ek diru gehiago izango dute poltsikoetan». Horri erantsi dio lehiakortasun indizeetan datu onak dituela eta ekonomia «sendo» dagoela, «hazten eta enplegua sortzen jarraitzen baitu».
Herritarren kezka nagusiei ere erreparatu die: etxebizitza eta osasun espezialitateetako itxarote zerrendak. «Horiek dira erronka nagusiak, migrazioarekin eta errespetuzko eta indarkeriarik gabeko elkarbizitza eredu baten sendotzearekin batera». Ildo beretik, esan du gizarte berdinzalea dutela helburu, «non ez duten tokirik izango diskriminazio matxistak, indarkeriak, arrazismoak eta LGTBI+ kolektiboaren eskubideen urraketarik».
Olatu autoritarioari aurre egin
Haren irudiko, munduan nagusitzen ari den «olatu erreakzionario, pribatizatzaile eta negazionistak ez du biderik egingo Nafarroan, gehiengo sozialak ez duelako nahi». Txibiteren esanetan, zerbitzu publikoak indartzea da mehatxu horri aurre egiteko modurik hoberena.
Gazteei ere mintzatu zaie. «Badakit garai zailak bizi dituzuela, baina ez zaitezte aldendu politikatik, politikaren bidez baino ez baita hobetu egoera». Autokritika egin du, eta aitortu du ziurrenik gobernuak ez diela haiek nahi bezain azkar erantzuten etxebizitza eta lan beharrei. «Baina itxaropenik eza populismo autoritarioaren bazka besterik ez da, eta autoritarismoak zuek deuseztatu nahi zaituzte».
UPN dimisio eske
Kristina Ibarrola UPNko presidenteak dimisioa eskatuz erantzun dio Txibiteri. Berehala erantzun du Ibarrolak esanez mezu horrek erakusten duela Txibiteren aroa agortua dagoela. «Nafarroaren izen ona zikintzen dutenak PSN, Maria Txibite eta hura inguratzen duten ustezko ustelkeria dira».