Oso hunkituta eta arnasari eta malkoei eutsi ezinda. Hala mintzatu zaie Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidentea kazetariei, Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkariak dimisioa aurkeztu eta hiru ordu eskasera. Belateko tunelen lanak ageri dira Guardia Zibilak egin eta Cerdan dimisiora eraman duen ikerketan, eta, horren inguruan, Txibitek jakinarazi du ikertu egingo dituztela Guardia Zibilaren txosten horretan ageri diren Nafarroako obra publikoetako adjudikazioak. Izan ere, aitortu du txostenean ageri direla Nafarroako administrazioarekin lotura duten enpresen izenak ere.
Nafarroako Foru Komunitateko Jardunbide Egokien Aldeko eta Ustelkeriaren Kontrako Bulegoak aztertuko ditu Guardia Zibilaren txostenean ageri diren enpresa guztiekin egin diren adjudikazioak. Kontratu horien kanpo ikuskaritza bat ere eskatuko du gobernuak, eta Nafarroako Kontu Ganberari ere galdegingo dio kontratazio horiek azter ditzan. Hiru bide horien bitartez zerbait topatzen badute, «azkeneraino» joko du gobernuak, Txibitek hitzeman duenez.
Sanchezek agerraldia amaitu ondoren egin du berea Txibitek, Iruñean, eta oso hunkituta agertu da komunikabideen aurrean. «Esan behar dut gaurkoa ez dela egun erraza», adierazi du. Azpimarratu du Cerdani buruz irakurri duena ez datorrela bat berak bere ibilbide politikoan bidelagun izan duen pertsonarekin: «Nire alderdikidea eta laguna da. Eta uste dut denok errespetatu behar dugula haren errugabetasun presuntzioa, epaiketarik ez dagoen bitartean. Espero dut Santos [Cerdan] gai izatea errugabea dela frogatzeko».