Sanchez: «Haren dimisioa eskatu dut; ez genuen Cerdanez fidatu behar»

Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri du PSOEren finantzen kanpo ikuskaritza bat egingo duela «susmo oro uxatzeko», eta zuzendaritza federala berrituko dutela uztailaren 4an. Bozak aurreratzeko aukera baztertu du.

Pedro Sanchez, gaur, PSOEren Ferraz kaleko egoitzan, Madrilen. DANIEL GONZALEZ / FOKU
Pedro Sanchez, gaur, PSOEren Ferraz kaleko egoitzan, Madrilen. DANIEL GONZALEZ / FOKU
joxerra senar
2025eko ekainaren 12a
18:32
Entzun 00:00:0000:00:00

«Barkamena eskatzen diet herritarrei eta batik bat alderdiko militanteei eta jarraitzaileei». Burumakur eta serio, Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusi eta Espainiako Gobernuko presidenteak adierazi du sinetsi izan duela Santos Cerdan alderdiko Antolakuntza idazkariaren zintzotasunean, Guardia Zibilaren txostena irakurri duen arte. «Bertan agertzen diren zantzuak oso larriak dira». Arratsaldean politikari nafarrarekin mintzatu da: «Dimititzeko eta akta uzteko eskatu diot. Ez genuen Cerdanez fidatu behar».

Madrilen, agerraldia egin du arratsaldean, alderdikideek eta bazkideek azalpenak emateko eskatu baitiote. Orain arte Antolamendu idazkari izanik, Sanchezen konfiantza osoko gizona izan da Cerdan, baina txostena ikusita, harekiko lotura oro hautsi du Sanchezek. Proiektu politiko oso bat «gutxi batzuen ondorioz» kolokan jartzeak «atsekabe handia eta haserrea» eragin dizkio.

Era berean, «irmo» erantzungo duela iragarri du. Hala, Cerdani dimisioa eskatzeaz gain, PSOEren kontuen gaineko kanpo ikuskaritza bat egitea aginduko du, «zalantza eta susmo oro uxatu asmoz». Sanchezen esanetan, Kontu Auzitegiek finantzen gaineko iritzi onak plazaratu dituzte, baina hori ez da aski, haren iritziz. Halaber, zuzendaritza federala berrituko du hurrengo batzorde federalaren bileran, uztailaren 4an.

PSOEren azken bi Antolamendu idazkariek, Jose Luis Abalosek eta Santos Cerdanek, gogora ekarri diote dimisioa eman dutela, eta galdetu diote ea ez duen erantzukizunik hartu behar. «Gaur arte ez nekien ezer. Harrigarria suerta daiteke hori, baina gobernu honek segurtasun indarren lana errespetatzen du». Aipatu du 2014tik ezagutzen duela politikari milagroarra, eta harekin orpoz orpo egin duela lan. Atsekabe handia hartu duela berretsi du.

Ikusi gehiago

Sanchezen arabera, errugabea dela adierazi dio Cerdanek. «Niri ez dagokit hura epaitzea, baizik eta erabakiak hartzea alderdiari begira», adierazi du.

Sanchezen erabakien eta azalpenen zain daude haren inbestidura babestu duten indarrak, tartean EAJ eta EH Bildu. 2018an, Mariano Rajoyren aurkako zentsura mozioa babestu zuten, Gurtel auzia eta ustelkeria politikoa tarteko. Oinarri politiko hori kolokan gera daitekeenez, Sanchezek azpimarratu du bere gobernua ez dagoela krisian, «inondik ere ez». Baieztatu du legealdia burutzeko asmoa duela, eta 2027an deituko duela hauteskundeetara.

Babesari eutsi dio

Legealdian zehar Espainiako Gobernua babestu duten alderdiek azalpen gehiago eskatu dizkiote Sanchezi. EAJren EBBren presidente Aitor Estebanen ustez, orain artekoak ez dira aski. «Harrituta» agertu da Sanchezek ontzat eman duelako Guardia Zibilaren txostena. «PSOEk badaki azalpen gehiago behar direla, eta pentsatzen dut emango dituela, eta informazio gehiago izango dugula datozen egunetan».

EAJk aurrera begira har dezakeen jarrerari buruz, zuhurtziaz mintzatu da Esteban. Espainiako Kongresuan PPk Sanchezen aurkako zentsura mozioa aurkeztuko balu, EAJk «beti bezala» jokatuko lukeela esan du. Nolanahi ere, gogorarazi du gaur-gaurkoz ez dagoela gehiengorik mozioa aurrera atera dadin, eta ez dagoela nahikoa babesik beste gobernu bat osatzeko. «Beste gauza bat da zer mugimendu egon litezkeen mozio bat aurkeztuko balitz, baina guk beti bezala jokatuko dugu».

EH Bilduk «gardentasuna eta zintzotasuna» eskatu dizkio Sanchezi. Arnaldo Otegi idazkari nagusiaren ustez, «larria» da Cerdani buruz jakin dena, baina nabarmendu du EH Bilduk «testuinguru politiko eta historiko oso zehatz batekin» lotzen duela gertatzen ari dena, eta asteleheneko Mahai Politikoaren bileraren ostean egingo duela «balorazio sakonago» bat.

Kataluniako alderdiei dagokienez, Juntsek urgentziazko bilera bat eskatu dio Sanchezi, «legealdiaren bideragarritasuna aztertzeko». Hala ere, argi utzi du PPk eta Voxek osatutako gobernu bat ez dela inoiz alternatiba bat izango.

ERCk uste du ezinbestekoa dela «amaieraraino iristea» eta justiziak gertakariak argitzea. Baina hark ere argi utzi du PPrekin eta Voxekin batera zentsura moziorik ez duela babestuko. «Inoiz ez dira alternatiba izango. Ustelkeriaren konponbidea ezin da ustelkeria gehiago izan».

Alberto Nuñez Feijoo PPko buruak, berriz, hauteskundeak aurreratzeko eskatu dio Sanchezi. Bere aldetik, ez du argitu zentsura mozioa aurkeztuko duen ala ez. Aurrera ateratzeko, gehiengo osoa beharko luke kongresuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.