Bere hitzak zehaztu ditu. Aurreko astean, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak ontzat jo zuen Foru Hobekuntzaren 9. artikulua aldatzea eta euskara lurralde osoan hizkuntza propiotzat jotzea. Gaur ideia hori berretsi du, baina argi utzi du aldaketa horrek ez duela ekarriko zonifikazioaren amaiera. Haren hitzetan, egungo bidetik jo behar da euskara bizirik izan eta aurrera egiteko, aldi berean politikoki tentuz jokatuz, bazterketa sentipenik eragin gabe. «Hizkuntza batek elkarbizitzari lagun behar dio, eta ez du balio behar bi talde bereizteko».
Ikusi gehiago
Foru Hobekuntzaren lantaldeko azken agerraldia izan da Maria Txibiterena. Aurretik, 60 aditu inguruk hausnartu egin dute Nafarroako estatus juridiko politikoa zehazten duen lege nagusian egin beharreko aldaketez. Txibitek ere bere gogoeta plazaratu nahi izan du, eta arreta berezia eman dio euskararen gaiari. Aurreko asteko aipuak oihartzun zabala izan du, eta, horrek sortutako ikusminaren jakitun, bere ikuspegia azaldu du.
Txibiteren ustez, Nafarroako gizartean «normalizatzen» ari da euskara, eta gainditzen ari da «ideologia jakin batzuei lotutako hizkuntza den irudipena». Haren irudiko, D eredua eremu euskaldunetik harago zabaltzeak euskara eskura jarri die nafar guztiei. Argudiatu du hezkuntzaren bidez egin behar duela aurrera euskarak, eta horren arabera egokitu errealitate juridikoa. «Euskararen ezagutzan asko aurreratu bada ere, ez dago euskaraz hitz egiten duen gehiengo zabalik. Ondorioz, zenbait proposamenekin, aukeren desberdintasuna sor dezakegu. Bazterketa eragin dezake, ez hizkuntzagatik beragatik, baizik eta bereizkeria eragiten duen hesi gisa ikusten delako».
Hala, txarretsi egin du zonifikazioa amaitzea; haren ustez, Foru Hobekuntzaren 9. artikulua alda daiteke, eta euskara Nafarroako hizkuntza propiotzat jo, gazteleraren maila berean. Modu horretan, euskarak gizartean izan duen onarpena aitortu daiteke.
Txibiteren iritziz, euskararen bilakaera bultzatzeko politikak egiten jarrai daiteke, bi aldetatik. Alde batetik, «desiragarria da ahalik eta nafar gehienek jakitea hizkuntza», eta uste du hezkuntza sistema dela horretarako tresnarik egokiena. Bestetik, azpimarratu du administrazioa euskaldundu behar dela, «eremu euskaldunetik harago eta ahal den neurrian».
Proposamen gehiago
Duela 44 urte, Foru Hobekuntzaren negoziazioetatik kanpo utzi zituzten indar abertzaleak, eta ez zen erreferendumik antolatu. Abiapuntu horrek eztabaida politiko franko eragin ditu urte guztiotan, eta, lantaldean ere egon da auzia. Txibiteren ustez, galdeketarik egin ez izanak ez dio zilegitasunik kentzen, «gaur egun babes sozial, politiko eta instituzionala baitu». Aurrera begira, «ez da nahitaezkoa» erreferendum bat egitea Foru Hobekuntzaren aldaketa bati buruz galdetzeko.
Lehendakariari egokia iruditzen zaio Foru Hobekuntza berritzea, «2026ko gizartea ez baita 1982ko hura», eta egungo errealitatearen parte diren auziak jaso beharko bailituzke Nafarroako lege nagusiak, hala nola berdintasuna, eskubide sozialak, euskara eta bizikidetza.
Testuinguru politikoari erreparatuta, asmo zentralizatzaileei aurre egiteko asmoz, aldaketak egiteko «garai egokia» dela uste du. «Zenbait alderdiren bide orrian dago ongizate estatua eta autonomien estatua desagerraraztea». Hala, haren ustez, eskubideak eta autogobernua bera blindatu behar dira. Nolanahi ere, ez du zehaztu zer mekanismoren bidez babestu daitekeen hori.
Izan ere, gogora ekarri diote estatuak azken lau hamarkadetan oinarrizko legedi bidez edo Auzitegi Konstituzionalaren epaien bidez autogobernua apurka higatu duela eta berezko eskumenak ere mugatu.
Hauteskundeak aurreratzeko mugak malgutzeko ere eskatu du. Gaur egun, lehendakariak hori egiteko ahalmena du, baina hauteskundeak antolatu aurreko urtean ezin du botoi hori sakatu. Txibitek eskatu du Espainian aplikatzen den irizpidea aintzat hartu behar litzatekeela eta muga bakarra dela zentsura mozio baten prozedura abian izatea edo hauteskunde ondorengo urtebetean ez antolatzea.
Halaber, defenditu du lehendakaria izendatzeko egungo baldintzei eutsi behar zaiela, eta hautagaiak parlamentarietako bat izan behar duela —legebiltzarkide ez direnak izendatzeko aukera ukatuz—. Halaber, uste du Nafarroako Arartekoaren eta Europako Batasunaren partaidetza jaso behar lukeela testuak.
Behin agerraldien txanda amaituta, Foru Hobekuntzari buruzko lantaldea azken txanpan sartu da. Batzordeak epea ireki du alderdiek lantaldearen ondorioei buruzko proposamenak aurkez ditzaten, irailaren 29ko eguerdirako. Lantaldearen hurrengo bilera urriaren 2an egingo da. Beste kontu bat da Foru Hobekuntza noiz berrituko den. Izan ere, parlamentuak ez du eskumenik Foru Hobekuntza aldatzeko, negoziazioa Espainiako eta Nafarroako gobernuen artekoa baita. Hala, lantaldean hitzartzen diren proposamenen arabera eta ondorengo hilabeteetako testuinguru politikoaren arabera has daitezke elkarrizketak.lantaldea azken txanpan sartu da
.