GEBehatokiaren ustez, Txikiren eta Otaegiren aitortzak agerian utzi ditu Estatuaren aparatuek eragindako kalteetan eman beharreko pausoak

Udan Txikiri eta Otaegiri biktima izaera ukatzeko egin ziren ahaleginak gogoratu ditu, eta «biktimen kategorizazioak» egiteko saiakerak indargabetzen dituela azpimarratu. Egiari Zor-ek egia instituzionalaren bidea lantzen segitzera deitu du.

Txiki eta Otaegi oroitzeko olana eskegi zuten Zarauzko Santa Barbara mendian udan. Kenduarazi egin zuen udalak. BERRIA
Txiki eta Otaegi oroitzeko olana eskegi zuten Zarauzko Santa Barbara mendian udan. Kenduarazi egin zuen udalak. BERRIA
gurutze izagirre intxauspe
2025eko abenduaren 11
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Giza Eskubideen Euskal Behatokiak, GEBehatokiak, garrantzitsutzat jo du Espainiako Gobernuak Txiki eta Otaegi biktima gisa aitortu izana eta igaro zituzten gerra kontseiluak legez kanpokoak eta zilegitasunik gabeak izan zirela ebaztea, baita epaiak baliogabe jotzea ere, eta aitorpen eta erreparazio pertsonala egitea. Eta, era berean, aitortza horrek «azaleratu egin du Espainiako Gobernuak estatuko aparatuek eragindako kaltea bere gain hartzeko betebehar etiko, moral eta politikoa duela», ohar bidez adierazi duenez.

Aurten bete dira 50 urte Juan Paredes Txiki eta Angel Otaegi fusilatu zituztela, eta egon da eztabaida politiko eta mediatikoa, haien biktima izaera ukatzeraino. Horiek horrela, Espainiako Gobernuak biktimatzat aitortzea ere garrantzitsutzat jo du GEBehatokiak. «Indargabetu egiten ditu joan den udan izandako saiakerak, frankismoko biktimen artean kategorizazioak ezartzekoak. Gogora dezagun saiakera horiek biktima egin zituztela berriz jada min handia jasan duten familiak».

«Indargabetu egiten ditu joan den udan izandako saiakerak, frankismoko biktimen artean kategorizazioak ezartzekoak. Gogora dezagun saiakera horiek biktima egin zituztela berriz jada min handia jasan duten familiak»

GEBehatokia

Memoria Demokratikorako Legeak aitortza horietarako zirrikitu bat uzten duela azaldu du. Hain zuzen, Alfredo Espinosa Orive sailburu ohia, Jose Ariztimuño Aitzol, Roke Mendez, eta orain Txiki eta Otaegi onartu ditu. Baina falta direnak ere ekarri ditu gogora GEBehatokiak, hala nola Gasteizko Martxoaren 3ko biktimak, 1978ko sanferminetako berrogei biktimen eskaera kolektiboa, eta frankistek fusilatutako Aquiles Cuadra de Miguel Tuterako alkate ohiarena.

Salatu dute Espainiako «bunker judizial ukatzailean» zaila dela krimen frankistak aitortzea, eta gogora ekarri du Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordeak aurtengo uztailean Espainiako Estatuari egindako eskaera: «Ahaleginak egiten jarrai dezala neurriak hartzeko —legegintzari dagozkionak eta bestelakoak— eta, hala, bermatzeko Gerra Zibilean eta diktadura frankistan izandako giza eskubideen urraketa larriei ez zaiela aplikatzen ez amnistia ezta preskripzioa ere; ahalegin horiek areagotu ditzala, eta debeku hori zorrotz bete dezala praktikan».

«Egia instituzionala»

Ildo beretsutik egin du Egiari Zor elkarteak ere. Uste du saihetsezina zela Txiki eta Otaegi erregimen militar faxistaren biktimatzat jotzea. «Gure ustez, aitortza horiek joan den abuztutik hona Txiki eta Otaegiren inguruan piztutako polemikaren harira sektore batzuetatik egin dituzten iritzien eta adierazpenen aurka doaz. Uste dugu polemika hau batzuek erabili dutela, biktima on eta txarren ikuskerari buruzko biktimologia-esparru berria ezartzeko. Eta, dudarik gabe, Estatuaren indarkeriaren biktimei, batez ere Txiki eta Otaegiren familiei, doako eta zentzurik gabeko mina sortu diela».

Horrek guztiak biktima guztiek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubideen inguruan lortutako adostasuna apurtzea ekarri zuen, «oso kezkagarria», gehitu du Egiari Zor-ek. Horregatik azpimarratu dute Espainiako Gobernuaren aitortza honen balioa: batetik, «estatu esparru batetik gai hau bere toki zehatzean jartzen dela», irailean bai Azpeitiko eta bai Zarauzko udalek egindako aitortza banaren ildoan, hain zuzen.

Memoria inklusiboaren alde egin du Egiari Zor-ek, eta erreparazio instituzionalaren bide horretan jarraitzeko deia egin du, «salbuespenik gabe, kontu hau borroka alderdikoitik aldenduz. Segi dezagun, asko dago egiteko eta».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.